GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Mikel Soto Editorea

«La politesse»

Fiskalak hitza hartu zuenean, ezin sinetsirik, gure tortura kasuak baieztatzen ikusi genuen. Espainian torturatu egiten dela zioen. Ñabardura egin zuen, hala ere: Lorentxaren kontrako deklarazioak ez ziren torturapean lortuak

Aurrekoan, kartzelan zazpi urte daraman Lorentxa Beyrieren epaiketara joan nintzen Parisera lekuko gisa. Historian aurrenekoz, Espainiak egindako salaketagatik epaitzen zuten Frantziako hiritar bat. Hainbestetan bezala, froga bakarra torturapean lortutako deklarazioa zen. Ondorioz, nire eta TATeko kide Aiert Larrarteren eginbeharra torturaren inguruko gure lekukotasuna ematea zen.

Parisera trenez abiatu ginen aurreko gauean Ipar Euskal Herriko talde batekin; lagun leialak, abertzale zintzoak. Han beste zenbait lagunekin eta Lorentxaren ama Jeaninekin elkartu ginen. Egin beharrekoaren gaineko zalantzak berak argitu zizkigun: «Helburua, noski, nire alaba libratzea da eta hori lortuz gero, ez dago ni baino zoriontsuago izango denik. Baina helburua Frantzian tortura salatzea ere bada. Horrekin konformatzen naiz». Epaitegira jo aurretik, kartzelan bederatzi urte daramatzan Lorentxaren mutilarekin, Aitzolekin, hitz egin ahal izan nuen telefonoz. Umore onenean zera esan zidan: «Gu? Gugatik ez kezkatu; gu hemen gaude, egonean. Zuena da benetako ardura». Egon, besterik ez. Mitxel Sarasketaren tiradera.

Hasieratik nik ordura arte ezagututakoen oso ezberdina izan zen epaiketa. Monsieur, madame... Ez zegoen espainiar Justiziaren erdeinu izpirik Errepublikaren zerbitzariengan edo, baldin bazegoen, ederki ezkutatzen zuten. Oro zuzena. Gilles Perraulten «`Bi epaile frantziarrentzako eskutitza...' liburuarentzat berandu idatzitako hitzaurrean» Mikel Albisuk esandakoa etorri zitzaidan gogora: «Frantziarrentzat politessea oso garrantzitsua da; gillotinan lepoa moztu aurretik ere borreroak egun ona opatuko zion kondenatuari». Egia biribila.

«Gran Hermano»ko nominadoen antzeko gela batera eraman gintuzten, epaileek noiz deituko zain. Bertan, aldizkariekin batera, liburu bakarra zegoen: Camusen «L'Etranger»en ale zahar eta higatu bat. Non geunden eta zer ginen ahaztu ez genezan. Idazkariak deklaratzeko ordua iritsi zitzaigula jakinarazi zigunean, beste ezusteko bat aurkitu nuen aurrez aurre: zazpi emakumek osatzen zuten tribunala. Gizonezkoon neurrira osatuta dagoen mundu honetan, eszena, benetan, ikusgarria zen. Horra Errepublikaren handitasuna. Egalitéa, politessea.

Lekukotza ematen hasi eta, bat-batean, konturatu nintzen duela sei urte pairatutako torturei buruz epaitegi baten aurrean deklaratzen ari nintzela estreinakoz. Frantziako epaitegi batean. Kontatzen niena arretaz entzuten zutela iruditu zitzaidan. Hala zen. Esan zidatenez, jendarmeek berek harridura eta erruki hasperenak botatzen zituzten torturaren kontakizun gordina entzutean. Neure begiez egiaztatu ahal izan nuen Aierten txandan. Eman zituen datuek ez zuten zalantzarako tarterik uzten. 5.000tik gora torturatu, sei hildako, 31 epaiketa, 43 indultatu... Espainiar Konstituzio loriatsua onartu eta 30 urtera Euskal Herrian torturak eguneroko ogia izaten jarraitzen du eta hori ahalbidetzen duen sistema politiko, polizial, judizial eta mediatikoa dago. Politesserik gabea.

Bazkariaren ostean sorpresa gehiago geneuzkan zain. Lehena, Zigor Goieaskoetxearen atxiloketa. Bigarrena, epaitegiko atean kameraz grabatzen ari zitzaigun junkie itxurako polizia. Azkena, Lorentxaren bazkalorduaren kronika: belarri batetik besterainoko irribarrea zeukan jendarmeak, beste ziega bat libre egon arren, Lorentxa ziega kaxkarrenean sartu nahi izan zuen. Ikustekoak ziren tipoaren irribarrea eta edukazioa guri hitz egitean. La politesse.

Levert, Leloire eta Stollerrenaren antzeko domina bat zuen fiskalak hitza hartu zuenean, ezin sinetsirik, gure tortura kasuak baieztatzen ikusi genuen. «La cena de los idiotas» filmetik aterata zirudien gizoñoak Espainian torturatu egiten dela zioen. Ñabardura egin zuen, hala ere: Lorentxaren kontrako deklarazioak ez ziren torturapean lortuak. Behin eta berriz ekarri zituen ahora deklarazio horiek egin zituztenen izenak. Kartzelan egona nintzen haiekin. Gogora etorri zitzaidan haietako batek patioan kontatu ziguna: guardia zibil batek esku ubelduak lotzen zizkioten eskuburdinen gainean jartzen zitzaion, lokarriak gehiago estutzearren. Goragalea. La nausée.

Yolanda Molina abokatuaren defentsa saioaren erdian alde egin behar izan genuen. Epaitegiko atetik ikusi nuen azkena agur esaten zigun Lorentxaren irribarrea izan zen. Biarritzera heldu ginenean, epaiaren berri eman ziguten: zazpi urteko kartzela zigorra. Zigorrak pilatzeko sistema dela medio, zigor horregatik Lorentxak 32 urtez egon beharko du kartzelan. Egon, besterik ez. Tiraderan. Epaile batek «hunkitu gaituzue» esan omen zion. La politesse urkabean.

Etxera bidean, abailduta, Lorentxa, Aitzol, Eider, Aitor, Jeanine gogoan, Perraulten hitzekin akordatu nintzen: «Etsaiak zuek suntsitzeko erabiltzen duen temagatik, errepresioan erabiltzen dituen bitarteko gero eta indartsuagoengatik, haren setakeriak noizbehinka eskaintzen dituen lorpen ukaezinengatik, tristatu beharrean, etsaiak zein bideri jarraitzen dion begiratu behar diozue. Beste batzuek ere aurretik egina dute bide berbera, amaieran, garaipenaren ispiluan, garaituaren aurpegia ikusi dute». Berriro Perraultek arrazoi. Baina ez da samurra punching-balla izatea... Zorionez, garaipenaren ispiluan, Lorentxaren irribarrea dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo