GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Reina de la Paz egoitzaren auzian Batzar Nagusiek hartutako jarrera salatu dute

Bizkaiko Batzar Nagusietako mahaiak Reina de la Paz adinekoen egoitzaren itxieraren gaineko eztabaida eta bozketa «atzeratu» izana salatu, eta egoiliarren eskubideekiko errespetua eskatu du ezker abertzaleak.

Ruben PASCUAL |

Bizkaiko Batzar Nagusiek datorren astean egingo dute Osoko Batzarra, eta batzar horretan eztabaidatzeko gai zerrendan Reina de la Paz egoitzaren gaineko auzia sartu ez izana egotzi diote ezker abertzaleko batzarkideek Batzar Nagusietako mahaiari. Gai horren gaineko eztabaida eta bozketa «atzeratu» nahi dutela ohartarazi dute ordezkari abertzaleek.

Bi eskaera zeuden Reina de la Paz egoitzako auziaren gainean Osoko Batzarrean eztabaidatu eta bozkatzeko: bata, ezker abertzaleak aurkeztutakoa, egoitza ixtearen aurka eginez; eta bestea, PSOErena, ez zuena itxieraren kontra egiten.

Sozialisten arauz besteko proposamenari, gainerako taldeek emendakinak aurkeztu zizkiotela azaldu du Begońe Agirre batzarkideak. Zuzenketok, PSOEkoek itxieraren aurka egitea- rekin adostasuna ager dezaten aurkeztu zizkiotela gaineratu du Agirrek.

«Talde Sozialistaren esku dago emendakinak onartzea edo ez», esan zuen batzarkideak eta ohartarazi du PSE «zalantzak» dituela. Izan ere, alde batetik, «Batzar Nagusietan, Foru Aldundiko aurrekontuak negoziatzen ari dira EAJ eta PSE» eta, hein horretan, azaldu duenez, azken hauei «ez zaie komeni EAJ gai honekin zirikatzea, ondo baitakite BBKrekin erabat batuta dagoela». Bestetik, hauteskundeak hurbil direla-eta, «PSEk ez du bozik galdu nahi», eman zuten aditzera bozeramaile abertza- leek atzoko agerraldian.

Dena dela, eztabaida atzeratzeak kontu asko «ezkutatzen» dituela nabarmendu zuen ere Begońe Agirrek.

Ezker abertzalearen ustez, «onartezina da, adineko pertsona hauen eskubideekin jolastea eta, batez ere, hauteskunde interesen arabera».

Horregatik, itxieraren gaineko eztabaida «ahalik eta azkarren» egitea exijitu dute.

Bestalde, Arantza Urkaregi batzarkide eta BBK-ko asanbladako kidea Bilbao Bizkaia Kutxaren jarreraz ari zela, gogora ekarri du ezker abertzaleak aspaldi salatu zuela entitatea «bere Obra Soziala deuseztatzen ari baita». Egoiliarren aurkako «mehatxuak eta presioak» kritikatu ostean, itxiera asmoaren atzean egon daitezkeen arrazoiak izan ditu hizpide.

«Kudeaketa iluna»

Reina de la Paz auzian BBKren kudeaketa «iluna» izan da, Urkaregiren iritziz. Lakuak emandako Dekretura egokitzeko lanak burutzeko baimena eskatu eta lortu zuen BBK-k. Epea igarota, egoitza ixtea erabaki zuela salatu zuen Urkaregik eta, horren harira, galdera bat jarri zuen mahai gainean: «BBK-k arduragabekeriaz jokatu du, ala Foru Aldundiarekin adostu du jada beste proiektu bat, bientzat interesgarriagoa dena?».

Ezker Abertzaleak azaldu zuenez, oraingo egoiliarrak beste egoitza batzuetara bidalita, Aldundiari plaza hutsak ordaintzea saihestuz «leku librean, Aldundiak aurreikusten dituen beste ekipamendu batzuk -apartamentu tutelatuak, esaterako- egiten ditu BBK-k».

Solairuz solairu

Batzordekide abertzaleek bat egin dute egoiliarren eta haien senideen eskaerarekin eta egoitza solairuz solairu birmoldatzeko aldarrikapena defendatuz.

LANPOSTUAK

Krisi ekonomikoa aipatuta, nagusien egoitzaren itxierarekin lanpostuak ezabatuko direla ohartarazi du ezker abertzaleak, «langile azpikontratatuei esan baitiete abenduaren 2an kontratua amaitzen zaiela» gaineratuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo