GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hernani, independentziaren eskutik etorkizuna sortzen ari diren gazteen topagune

Gasteizko Gobernua urriaren 25ean herri-kontsulta egitekoa zela-eta, hasieratik egitasmo hori iruzurtzat jo duten gazte independentistek egun horretarako Independentzia Eguna deitu zuten. Larunbata, dagoeneko, ate joka dabil eta Hernanin dena prest da jada.

p016_f01_42152.jpg

Gari MUJIKA

Euskal Herriaren independentzia erdiestea utopia tzat jotzen duten politikari profesionalen esanak eta ekinak gogotik salatzen dituzte, baita Estatu espainolaren eta frantsesaren konstituzioen bidez euskal herritarrei errotik ukatzen edota zangopilatzen dizkieten eskubideen alde egunero borrokatu ere. Alde horretatik, Euskal Herria ezkerretik askatasunean eraikitzeko erabakitasunez aritzen dira. Gazte independentistak dira hauek; azken urteotan etengabe kriminalizatu eta kolpatu dituztenak.

Erasoak eraso, oztopoak oztopo, independentziaren bandera aireratuz une batez ere geldirik egoten ez diren horietakoak dira euskal gazte independentistak. Horrela erakutsi dute uda osoan zehar eta baita udazkena hastearekin batera ere. Orain urtebete eman zuten aditzera -Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko lehendakari Juan Jose Ibarretxek kontsulta egingo zuela adierazi zuen aste berean-, datorren larunbatean, urriaren 25ean, Independentzia Eguna ospatuko zutela. Hala, Hernanik, larunbatean, ehunka independentista elkartuko ditu.

«Herri berri bat piztera goaz» lelopean ekin zioten ekainean udako kanpainari. Urtero legez, San Joan jaien karietara Hernanin jarri zuten abian dinamika hau eta, nolabait, larunbateko Independentzia Egunak emango dio kanpainari amaiera. «Konstituzioa eta frantziar errepublika paretik kendu eta herri berri bat piztera goaz! Horretarako gai gara, antolakuntza badugu, borrokatzeko prest gaude, proiektu politiko bat daukagu herri honentzat, hori gauzatzeko proposamen erreala dugu, eta hamar pertsonako polizia bat dagoen herri honetan orain arte ezin izan gaituzte etsiarazi, eta ezingo dute. Beraz, uda osoan gauzatuko dugun bidea hori da, herriz herri mobilizazioak, gazte egunak eta ekimenak egingo ditugu independentziaren eta sozialismoaren alde eta iruzur egin nahi digutenei aurre egingo diegu egunero», esanez aurkeztu zuten gazte independentistek udan hartutako erronka.

Herrialdeen arteko sokatira finala

Hala, Euskal Herriko udalerri guztietan ospatu dira dagoeneko gazte independentisten jaialdiak. Herri gehienetan Gazte Egunak ospatu dituzten arren, Uribe-Kosta eta Oarsoaldeko eskualdeetan, adibidez, independentziaren aldeko mendi martxak egin dituzte, Euskal Herria marraztuz eta muga arrotzak ezabatzeko aldarrikapenarekin.

Manifestazioak, musika kontzertuak, afariak, herri-bazkariak, herri-kirolak, jolasak, bideo emanaldiak... Parte hartzea sustatuz aldarrikapenak mahaigaineratzeko ekimen andana egin dituzte hilabeteotan. Tartean, Estatu espainoleko eta frantseseko konstituzioen «kaioletatik» askatzeko sokatira saioak egin dituzte. Eta horrela aritu dira, tira eta tira, herri guztietan. Gero, bailaraka, gero eskualdeka eta, azkenik, herrialde mailako lehian. Joan den urriaren 11n egin zituzten Gasteizen eta Atarrabian, hurrenez hurren, Arabako eta Nafarroako sokatira finalak. Dagoeneko jakina da herrialde bakoitza zein udalerrik ordezkatuko duen. Hala, larunbateko Independentzia Eguneko ezinbesteko hitzordua bilakatu da bazkalostean egingo den independentziaren aldeko sokatiraren finala. Bilbok ordezkatuko du Bizkaia, Amurriok Araba, Burlatak Nafarroa eta gainerako herrialdeetan udalerri desberdinen artean osatuko dute taldea.

Hernani, dagoeneko, hasi da bere egunerokotasuna aldatuko duen Independentzia Eguna antolatzen. Autobusak prest daude ehunka gazte bertara eramateko, baita bono ugari salduak ere -bertan ere eros daitezke-, herri-bazkariaz gain iluntzean izango diren kontzertuekin gozatzeko. Trenez joateko aukera ere hortxe dagoela azaldu dute gazte independentistek; baina, hori bai, Abiadura Handiko Trenaren aurkako jarrera aktiboa galdeginez txartelik ez erosteko eskatu dute.

Txistulariak, trikitilariak eta albokariak izango dira Hernaniko kaleetan barrena Independentzia Egunari hasiera emango diotenak. Ondoren, 13.00etan, txupinazioarekin batera emango zaio hasiera jaialdiari Tilosetan. Jarraian, kale animazioa eta bertso poteoaren txanda izango da, 14.00etan hasiko den herri-bazkaria -sagardotegian- hasi bitartean. Bazkalostean, Euskal Herriko sokatira finala egingo da eta 19.00etan hasiko den kalejirak Txantxillan egongo den karpa erraldoirano eramango ditu ehunka gazteak. Bertan, ekitaldi politikoa egingo da hurrena eta, segidan, musika kontzertuak hasiko dira. Egun biribil-biribila, Hernanin independentziaz bizitzeko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo