GARA > Idatzia > > Kultura

Txori bihurri baten antzera, zuhaitz okerretan gora doa Rafa Rueda, kantari

«Zuhaitz okerretan gora noa» bakarkako hirugarren diskoa plazaratu du Rafa Rueda mungiar musikariak, goi mailako musikari amerikarrak eta idazle bizkaitar batzuen hitzak lagun. Abenduaren 5ean zuzenean aurkeztuko du lan berria, Durangoko Plateruenan.

p039_f01_097x168.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Rafa Ruedak bakarkako hirugarren lana, «Zuhaitz okerretan gora noa», aurkeztu zuen atzo, Bilboko itsasadar bazterrean. Musika sukaldari trebea dugu mungiarra, eta disko berria prestatzeko osagai «exotikoak» erabili baditu ere, bere-berea duen errezeta erabili eta etxeko sukaldeko berotasunean egosi du, bero-berotan.

Konfiantzaz beterik eta gitarra lagun, diskoaren hasierako lehen kantu biak zuzenean joz ekin zion mungiarrak aurkezpenari, erakusleihoaren bestaldean euripean zirenen harridurarako, eta lanaren xehetasunak argi azaldu zizkigun gero.

Izenarekin, «Zuhaitz okerretan gora noa», ezberdin izatearen aldarria egin nahi izan du Ruedak, ohiko bideetatik kanpo dabilenaren (eta horren edertasunaren) alde, bere izaerarekin bat datorrelako. Egunkari batean irakurri omen zuen behin «zuhaitzik okerrenak ere arteztu daitezke» eta mingarri halakoa egin zitzaion esaldia, beraren ustez, sarritan zuhaitz okerrenak baitira ederrenak.

Ruper Ordorikak behinola egin bezala, amerikar musikariekin grabatu du Ruedak diskoa, berarentzat erdi ametsa izan dena. Lan berezia, beraz, Joseba Irazoki aparteko gitarra-jotzaileaz gain, Fernando Saunders baxu-jotzailea (Lou Reed, Ruper Ordorika), Jane Scarpantoni (Bruce Springsteen, R.E.M.) eta J.T. Lewis (Sting, Tina Turner) bezalako musikariak alboan izan dituelako.

Lana New York inguruko musikarien lankidetzarekin grabatu badu ere, aurrenekoz bakardadean prestatua izan da urte eta erdi luzez. Jonan Ordorika lagun eta teknikariarekin batera, tarte horretan maketak grabatu eta grabatu aritu izan da gitarra-jotzailea, gero amerikar musikariak Euskal Herrira, bere berezko esparrura, gonbidatzeko. Proposamenari erantzun eta Garate estudioetan grabatu zuten emaitza, hamar pop doinu baikorrez osatua, soul kutsu eta sekzio erritmiko beltz eta guzti.

Hitzei dagokionez, lanaren erdia propioa duen arren, beste behin lagun dituen idazle trebeengana jo du Ruedak, eta kantu bana eskatu die Unai Elorriaga, Gotzon Barandiaran, Edorta Jimenez eta Kirmen Uriberi. Azken biak aurkezpenean ziren atzokoan, baita P.L.T. taldean kide dituen David Gonzalez, Txanpe edo Mikel Urdangarin musikariak ere.

Zuzeneko banda

Behin lana plazara agertuta, zuzenekoen txanda izango da hurrengo pausoa. Lehen kontzertu gisa, abenduaren 5ean, Durangoko Azokaren karietara Plateruenan emango duena agertzen da. Aurretik, baina, eta taldea borobiltze aldera, beste bi zuzeneko emango ditu. Gasteizko Parral tabernan bata, azaroaren 4an, eta Gernikako Trinkete Anti Txokoan bestea, azaroaren 22an.

Mungiarrarekin batera, Borja Barrueta bateria-jotzailea, David Gonzalez baxu-jotzailea eta Joseba Irazoki izango dira, laukotean. Azken honek diskoaren grabaketan ere parte hartu du, eta Ruedak atzo esan zuen eran, berak gitarra jotzeko duen ikuspegitik oso ezberdina denez harena, benetan aberatsa izan da egindako lankidetza.

NAZIOARTEKOAK

Lan berria bere bakardadean prestatu ostean, Garate estudioetan grabatu zuen mungiarrak, Bruce Springsteen, Sting, R.E.M. edo Lou Reed bezalako izarrekin lan egindako musikari iparramerikarren parte hartzearekin.

Fitxa

Izenburua:

`Zuhaitz okerretan gora noa´.

Egilea: Rafa Rueda.

Musikariak: Joseba Irazoki + Fernando Saunders + Jane Scarpantoni + J. T. Lewis + Zeljko McMullen.

Zigilua: Autoekoizpena.

«Poltsikoan daramat lan honetako irabazi handiena»

Kantariarekin hitz egiteko beta ere izan genuen atzo. Atzerriko musikari trebatu horiekin lan egiteko aukera, «kasualitate hutsez, modu naturalean» etorri omen zen. Jonan Ordorikak bere disko bat Saunders baxu-jotzaileari eman, eta Europako biran gitarra jotzeko deitu omen zion hark. Behin ezagupena eginda, «horrelako aukera baten aurrean ezin ezetz esan», gaineratu du mungiarrak, pozik. Maila guztietan apustu handia, arriskutsu bezain zirraragarria. «Lehen gauza musikari moduan hazteko aukera izan da, horrelako musikariekin lan egitea niretzako sekulako ikaskuntza izan da-eta». Beraz, asmoa artistikoa, kontzeptuala izan da, eta «lan honetako irabazirik handiena poltsikoan dut jada».

Publikoaz eta plazez ere mintzatu gara. «Musika hizkuntza unibertsal moduan ulertzen dut. Ez dut neure lana mugatuko euskaraz kantatzen dudalako, nahiz eta nire publiko naturala euskalduna izan. Jarrera apur batekin, hizkuntza ulertzen ez dutenengana ere irits daiteke, hori da musikak duen gaitasunik handiena», aipatu digu Ruedak, «atzerria hemen dugu, euskara ulertzen ez dutenengan, eta horiengana ere irits gaitezke, zergatik ez?». Hitzak egiteko, lagunak izan ditu ondoan, «ni musikaria naiz, idazle baino», esaten duen gitarra-jotzaileak. «Ezinbestekoa da ingurukoengana jotzea, eta idazleak zu ezagutzea, idazteko modua egokitu eta zugan pentsatzen dutelako, osterantzean, beste baten jarduna zeure sentitzea, barneratzea, oso zaila da-eta». A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo