GARA > Idatzia > > Mundua

Pakistanen burujabetza aintzat hartu ez eta, AEBek ez diote utzi erasoak egiteari

Pakistango Parlamentuak, eraso militarrak alde batera utziz, matxino islamistekin elkarrizketa prozesua bat hasi beharra dagoela esan eta ordu gutxira, AEBek hamaika pertsona hil zituzten eskola islamiar baten aurka hiru misil jaurti ondoren.

GARA |

Asteazken gauean Pakistango Parlamentuak matxino islamisten aurkako operazioak gelditzeko eta elkarrizketari ekiteko eskatu bazuen ere, atzo bertan AEBek, herrialde horren burujabetasuna aintzat hartu gabe, operazio militar bat egin zuten madrasa edo eskola islamiar baten aurka, eta horren ondorioz hamaika pertsona hil ziren.

Gidaririk gabeko hegazkin batek hiru misil jaurti zituen atzo Pakistango ipar-mendebaldean, Afganistandik gertu dagoen eremu tribalean kokatzen den eta Jaluddin Haqqani buruzagi talibanak sortu zuen madrasaren aurka.

AEBen arabera, madrasa horren zuzendaria Mansur mullah zen, Haqqaniren aldekoa, eta bertan «ikasle pakistandarrak eta atzerritarrak» bizi ziren.

«Atzerritar» hitzarekin, Afganistandik edo herrialde arabiarretatik Pakistanera heldutako matxino islamistak adierazi nahi du Armada estatubatuarrak.

Apenas ordu batzuk lehenago, Islamabadeko Parlamentuak Pakistango Gobernuari eskatu zion estatubatuarrek egindako halako erasoen aurka jarduteko.

Horrekin batera, matxino islamistekin elkarrizketak «gatazka gainditzeko tresna nagusia» izan behar duela nabarmendu zuen Pakistango Legebiltzarrak.

Irailaren 8an, Haqqaniren aurka AEBek burutu zuten beste ekintza batean 23 pertsona hil ziren, Pakistango segurtasun zerbitzuek emandako datuen arabera.

Haqqanik Sobietar Batasunaren aurka borrokatu zuen 1978tik 1989ra bitartean, Afganistanen, eta Omar mullah talibanen buruaren gertukoa izatera heldu zen. Talibanek boterea galdu zutenean, Afganistan okupatzen duten Mendebaldeko soldaduen kontrako operazioak gidatu zituen Pakistango eremu tribaletik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo