GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Pedro Berrioategortua Erretiroduna

Kooperatiba ala kolonia?

Kontua da gure mugimendu kooperatibo indartsuan mugimendua dagoela, eta, ikusi egin behar, zein den hartzen duten bidea. Erabakia hartzerakoan asmatuko dutela pentsatzeko adina arrazoi badaukagu

Azken urteotan, merkatuaren eboluzioa dela-eta mugimendu kooperatiboari ere gertatzen zaizkio zenbait arazo, eta gainditzeko irtenbidea aurkitu beharrean eta erronka berriei eutsi beharrean aurkitzen da.

Etorkizunari begira, erabaki bi hartu beharrean dira kooperatibak. Enpresa nazioarteko luze-zabalean osatzea eta garatzea, edo hondoratzea da lehenbizi aukeratu behar duena. Aurrera egitea aukeratuz gero, lantegi berri horien barnean beharginak nolako tokia izango duen xedatu behar du: eskubidedun kooperatibistarena ala tokian tokiko legearen araberako soldatapekoarena. Kooperatibak sorlekutik kanpo ere berdin izaten jarraitzea ala kolonia izatera aldatzea. Etxetik urrun ere izena eta izana mantentzea ala, kooperatiba deituz, kolonoarena egitea.

Hartara jarrita, berriz, hobe da, irizpideak bateratuz, ibili beharreko bidea ondo mugatzea eta kontuak erdizka ez uztea. Badakigu kooperatiben borroka ez dela sozialismoa; partaide guztiek iritzi, boto eta etekin eskubideak izan ditzatela baizik, hau guztia bideratzen duen heinean bereizten delarik kapitalismotik. Filosofia honen ondorioz, lantegi berrietan kooperatibek eman beharreko urratsak nolakoak behar luketen izan argi dagoela pentsa genezake, beti ere, jakina, partaideei dagokien iritzi eskubidea errespetatuz.

Eroski bere milaka langile berrientzat aterabide baten bila dabilela jakin dugu, lehenengo, Interneten bidez eta duela gutxi prentsaz ere bai, batez ere, Mondragon Taldeko hiru kidek ematen dituzte proiektuaren kontrako hamar arrazoiak ikusita (GARA, 08/10/3). MCCko kide omen dira eta diotena kontuan hartu beharko, baina, barka dezatela, ez zalantzarik egin gabe. Neure zalantzak baititut, nabariegi interesatua delako proiektuari egin dioten interpretazioa. Epe laburreko eraginak lotu nahiak badu halako kontrol usain bat, baina larregizkoa da epe luzekoei ere hesiak jarri nahi izatea, «atado y bien atado» hura bezalakoa. Geroa gerokoen eskuetan uztea logikoena baita kooperatiben filosofiatik begiratuz.

Mondragon taldeko hirukotearen idazki horretan ageri dena ez dirudi kooperatibismoa denik, eraketa berri bat osatzeak sorten duen beldurra baizik, interesez ondo jositako beldurra. Erreparatu besterik ez dago funtsik gabeko baieztapenak direla asko, gehiegi. MCCtik urruntzea, esaterako. Baita hamar arrazoietatik hirutan, zuzendariei interes ekonomiko pertsonalak egoztea ere, holakoetan, ohi bezala, irakurlegoaren mesfidantza sorrarazteko asmoz. Dena dela, kontua da gure mugimendu kooperatibo indartsuan mugimendua dagoela, eta, ikusi egin behar, zein den hartzen duten bidea. Erabakia hartzerakoan asmatuko dutela pentsatzeko adina arrazoi badaukagu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo