GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

ELA Lizarra-Garaziko ereduaren alde

Lizarra-Garaziko hitzarmenaren hamargarren urtemugaren karietara, ELAren Nazio Kontseilua Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea) elkarretaratu zen atzo, egoera politikoari buruzko bere hausnarketa jendarteari jakinarazteko. Esanguratsua da ehun urte betetzear den sindikatu horren Nazio Kontseilua lehen aldiz Ipar Euskal Herrian bildu izana eta, hizlarien arabera, «etxean bezala» sentitzea. Horrez gain, sindikatuaren proposamenak ez du berritasun nabarmenik, burujabetza irabazteko indar metaketa eginik prozesu zibil eta demokratiko bati ekitean datza; alta, horrek ez du erran nahi errespetagarri eta jakingarria ez denik. Hamar urte hauetan gainerako indar abertzaleei beren egitasmo eta negoziazio saioetan porrot egin izana egotzi zien, baina aldi berean jarrera berria agertu zuen aurrera begira, Lizarra-Garaziko akordioa eredu izan behar lukeen prozesu batean «lan aktiboagoa» egiteko prest, laguntzaile huts gisa jokatu beharrean. Beraz, atzera begira indar guztiek egin dituzte okerrak, segur aski, eta aurrera begira badute oker horietarik zer ikasia. Denek. Nolanahi ere, azken hamar urteak ez dira alferrik iragan naziogintzari dagokionez. Lizarra-Garazik ireki zituen aukerek bere horretan diraute; areago, egun euskal gizartearen baitan eztabaida ez da «zer», «nola» baizik. Alegia, ez da ze eskubide edo eskubideak bai ala ez, eskubide horiek nola gauzatu baizik. Horra erronka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo