GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Film laburren sorta ederra, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astean

Datorren ostiralean hasiko den Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean hogeita lau film luze eta hogeita hiru labur izango dira ikusgai, azken horietatik hemeretzi lehiaketara aurkeztuko direlarik. Edizio honetan, gainera, bertan izango den Frank Henenlotter zuzendaria omenduko dute. Aste guztian zehar, besteak beste, Japoniako animazio zinemaz, antzerkiaz, komiki zikloaz eta erakusketaz gozatzeko aukera izango da.

p039_f02_97x116.jpg

GARA | DONOSTIA

Donostian hilaren 31n hasiko den jaialdiko sekzio ofizialean hogeita lau film luze emango dituzte. Atzokoan, kartel ofizialak aurkeztu zituzten eta Jose Luis Rebordinos zuzendariak azaldu zuenez, gainera, atal horretan «urteko film onenak» izaten saiatu dira. Horien artean, ditugu, Rob Schmidt-en «The Alphabet Killer», jaialdiko lehen emanaldia izango dena.

Pascar Laugier zuzendariaren «Martys» filma ere izan zuten atzo mintzagai, «duen biolentzia handia medio, urte guztiko polemikoena» izateagatik. Filma ikustera bertaratzen direnek emanaldian bertan euren iritzia zuzendariari helarazteko aukera izango dute, Laugier Donostian izango baita bere lanari buruz solasaldia eskaintzeko.

«Eden Lake», «Appleseed: Ex Machina», «Encarnaçao de demnio», «La terza madre», «Repo. The Genetic Opera», «Prime time» edota «La raíz del mal», jaialdian ikusi ahal izango diren tituluetako batzuk dira. Emanaldietan azkena, Jennifer Lynch-en «Surveillance», Sitgeseko jaialdiaren irabazlea izango da.

Bestalde, Japoniako animazio zinemak ere izango du txokorik Donostian. Izan ere, hamahiru film egongo dira ikusgai. Gainera, gai horri buruzko liburua ere argitaratuko dute. Zinema klasikoari dagokionez, berreskuratutako bi kopia berri ikusteko aukera izango da, azpitituluekin: Alfred Hitchocken«Psicosis» eta Jack Clayutonen «Suspense».

Omenaldia, estreinaldiarekin

Jaialdiak aurten Frank Henenlotter zuzendaria omenduko du, «Bad Biology» bere azken lana estreinatuz. Horrez gain, «Dónde te escondes, hermano» (1982) eta «Frankenhooker» (1990) film klasikoak ere izango dira. Henenlotter 70eko eta 80ko urteetan esanguratsuak izan ziren beldurrezko filmen egilea da. Rebordinosek gaineratu zuenez, emanaldiez gain beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Hiriburuko Liburutegi Nagusian, adibidez, Tomoo Haraguchi japoniar zuzendari eta makillaje-efektu berezietan adituaren erakusketa izango da, Bertan, munstroak, maskarak edota buruak topatuko ditu bertaratutakoak. Komiki jardunaldiak ere izango dira, eta hainbat erakusketa bilduko dituzte.

Antzerkiak ere izango du tarterik, zehazki, Troula Animación taldeak argiaren magia gauaren iluntasunari gailentzeko saiakera egingo du ostiralean, iluntzeko zazpietan Boulevarden. Astean zehar izango diren filmak ikusteko abonamenduen berri ere eman zuten atzokoan. Antzoki Zaharreko emanaldietako abonua 70 euroko salneurrikoa izango da eta Victoria Eugeniakoa, aldiz, 30 eurokoa. Euskarazko filmak ikusteko abonuak, bestalde, 9 euroko salneurria izango du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo