GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

KAZETA.INFO | Aitor Renteria 2008/10/22

Mirailaren begirada

Errealitateko irudiak islatzen ditu mirailak. Ezkerrekoa eskuinean agertzen du eta alderantziz, baina errealitatearen isla erakusten du, errealitatea ez delarik mugitzen. Hura bezain perfektoa dela pentsarazten digu mirailak. Perfektoagoa ere bai, aisialdietako zentroetan egoten diren mirailak nahi dugun efektua adierazten duelarik, errealitatea argalagoa, luzeagoa edo beteagoa erakutsiz.

Irailaren bukaeran Ondarearen egunak ospatu ziren Lapurdi, Baxe Nabarre eta Zuberoan. Aitzinetik, uda aldean, euskara eta herri hizkuntzak «Frantziako ondarearen parte» direla ebatzi zuten Frantziako Parlamentuak eta Senatuak. Baina ondarearen egun horietan, euskara ez da ikusgai egon nehongo apaletan.

(...) Baina ez omen dugu kezkatzeko arrazoirik. 2009an Frantziak lege bat osatuko omen du. Jadanik badakigu ofizialtasunik ez dutela onartuko. Aitzin urratsa izanen dela erranen dute batzuek. Hemendik hogei urtera euskarak ez dituzke hiztunak galduko Ipar Euskal Herrian.

(...) Berreuskalduntze prozesua luzea da eta emaitzak ikusteko denbora behar da. Hala bada gure haurrek ikusiko dute eta ez bada ez gara hor egonen ikusteko oker genbiltzala. Bertze alor batzuetan ez da horren luze igurikatu behar. 2006an tren egitasoari buruzko eztabaida publikoa burutu zuen Frantziak Lapurdin. Hautetsien Kontseiluak, Garapen Kontseiluak, Herriko Etxe gehienek, diputatu eta senatariek haren alde egin zuten. Berrikitan erresuminetan iratzarri dira, ordea. Ordaintzeko tenorea heldu da eta uste baino karioagoa izanen da. (...)

Baina errealitatean gehiago izanen da. RFFk xume baina sendo erran du iragarritako kopuruak ez direla aurrekontua, aurrekontuaren osaketa baizik. 2020an egungo aurrekontuak merkeegiak zirela onartuko dute. Hautetsiek harriduraz diote, halaber, ez dakitela nondik pasatuko den AHT xedea, ez dakitela Uztaritzen geltokirik eginen den. Eztabaida guztia egin behar dela berriz. Ahantzi egin zaie 2006an onetsitakoa.

Sosen hotsak gogoak nahasten ditu, hautsak mirailaren irudia lausotzen duen bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo