GARA > Idatzia > > Kultura

Agustin Xahoren «aniztasuna eta irmotasuna» oroitu dute Baionan

Agustin Xaho idazlea hil zeneko 150. urteurrenaren harira, hainbat historialari, pentsalari eta idazlek osatutako «talde informalak» omenaldia eskaini zion atzo Baionan. Saint-Leon hilerrian, «Xahoren aniztasunaren isla» diren kolore ezberdineko laurogei bat lagun elkartu ziren Lapurdin hilobiratuta den «demokrata borrokalaria» eta «pertsona anitz eta irmoa» oroitzeko. Jean-Louis Davant, Jean-Mixel Bedaxagar eta Fermin Arkotxak bereziki gogoratu zuten.

p050_f02_148x88.jpg

Odeia AIESTARAN | BAIONA

«Azkenean bazen garaia» Agustin Xahok (Atharratze, 1811ko urriaren 10-Baiona, 1858ko urriaren 23) merezitako omenaldia jasotzeko. Halaxe zioen atzo Allende Sokarrosek, idazle zuberotarra gogoratzeko lanean ari den taldeko kideak.

Baionako Saint-Leon hilerrian 16.30ean eman zitzaion hasiera ekitaldiari eta ezkerreko abertzaleak, alderdi jeltzaleko kideak eta frantses ezkerreko lagun bakan batzuk ere gerturatu ziren. Sokarrosen hitzetan, Xahoren aniztasunaren isla garbia izan zen atzoko omenaldia. Jean Louis Davant idazleak, Jean-Mixel Bedaxagar kantariak eta Fermin Arkotxa historialariak esku hartu zuten.

Ekitaldia oso hunkigarria izan zen; Xaho maite duten pertsonen presentzia nahikoa ez eta bere jaioterritik eta heriotza herritik ekarritako loreekin ere gogoratu zuten. Atharratzeko ibai ondotik, Xahoren etxe paretik hain zuzen ere, eta Baionatik jasotako lore sortak ezarri zituzten bere hilobiaren gainean, Xaho modu berezian oroituz.

Hitz ederrak Xahorentzat

Davantek egin zituen lehen hitzak, eta ondoren Bedaxagarrek Xaho pastoraleko kantua eskaini zuen, 1988. urtean eman zen pastoralekoa, hain zuzen ere. Ekitaldian, gainera, Xahok euskara, frantsesa eta gaskoia hitz egiten zituela gogoratu zuten eta, hori dela eta, kantari zuberotarrak azken hizkuntza horretan ere abestu zuen.

Xahok zuen gaurkotasuna azpimarratu zuten atzo, baita ez zela «harresi gizona» izan ere. «Euskal Herria ez zuen harresi batean sartzen, Europako Federakuntza baten barnean baizik», adierazi zuten. Parte hartzaileen esanetan, politika alorrean, Agustin Xaho «aurrerakoia» zen, dudarik gabe. «Gizon anitza baina irmoa» ere bazela gogoratu zuen Sokarrosek, sinesmen argiak baitzituen. Azkenik, «demokrata borrokalari» gisa ere gogoratu zuten. Atharratzeko gizonaren alderdi politikoa, soziala edota langilea azpimarratu zuten bildutako denek.

Atzokoaren ondoren, Xahoren lagunek 2011. urtean jarria dute jada begirada, orduan beteko baitira Atharratzen jaio zenetik berrehun urte. Gogoratu behar denez, Xaho gogoratzeko «talde informala» orain dela hilabete sortu zen atzo egin zen ekitaldia antolatu asmoz. Orain, hiru urte dituzte aurretik Agustin Xahori «benetan merezi duen omenaldia eskaintzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo