GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Berasaluzek une egokian pitzatu du horma sendoa

Partida guztian markagailuan atzetik joan ostean, azken tantoan gainditu du Pablo Berasaluzek Luzaidekoaren defentsa gogorra. Julen Retegik nagusitasun handiz gainditu zuen Del Rey errioxarra

p037_f01_111x111.jpg

BERASALUZE VIII 22

ARRETXE II 21

 

DEL REY 11

RETEGI BI 22

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Ederki kostata, baina unerik egokienean lortu zuen Pablo Berasaluzek Iker Arretxek ezarritako defentsa ikaragarria pitzatzea. Partida osoan markagailuan atzetik joan ostean, lehia hiru aldiz berdindu bai -hamarna, hemeretzina eta hogeita bana- baina azkeneko tantoan baino ez zuen lortu Berrizkoak aurkaria gainditzea, eta, beraz, Titinen aurka jokatuko du datorren asteburuan finalerdietarako txartela. Eguneko beste partidan, Julen Retegik aitaren semea baino zerbait gehiago dela erakutsi zuen eta nahiko erraz gainditu zuen Del Rey errioxarra.

Olazabali bezperan gertatu bezala, Iker Arretxe gazteari azken unean egin zion ihes final-laurdenetara lehen aldiz sailkatzeko aukerak. Aresokoaren kasuan porrota mingarria izan bazen, Luzaidekoak jasotako zaplaztekoa are eta gogorragoa izan zen, azken tanto horretan kenduta, partida osoa kontrolpean izan baitzuen.

Tantoak amaitzerako orduan ere ikaragarrizko gaitasuna erakutsi zuen arren, defentsarako erakutsi zuen ahalmenak eman zion markagailuaren kontrola aurrelari nafarrari. Uda bikaina osatu eta zuloak bilatzen artista den arren, Pablo Berasaluzek ez zuen inondik inora tantoa egiteko lekurik topatu, eta presioak lotu egin zuen bizkaitarra.

Partidak aurrera egin ahala, askatu zen Berasaluze VIII.a, baina arrazoi bat edo bestea zela medio, Arretxeren tantoak, bere hutsak edo, partida 18 zela, epaileek ikusi ez zuten Arretxek bigarren botean eramandako pilota bat, azken tantora arte ezin izan zuen markagailuan aurretik jarri. Gehien behar zuenean, sakeari etekina atera eta zuzenean egindako tanto batekin eta sake-bueltan zabalera gurutzatutako gantxo batekin garaipena eskuratu zuen Pablitok.

Julen Retegi, erraz

Ez agian azken emaitzak erakutsitako erraztasunarekin, baina askoz errazago bai eraman zuela garaipena Julen Retegik Del Reyren aurkakoan. Egun ohikoa den aireko jokoa alde batera utziz eta jokamolde klasikoagoarekin, nafarrak piloteoa luzatuz ondo gainditu zuen Del Rey. Errioxarra ezkerra izanagatik, aitak egin ohi zuen bezala, pilota ezker paretean bikain ezkutatuz jokatu zuen. Beraz, Julen Retegik Abel Barriolaren aurka jokatuko du hurrengo kanporaketan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo