GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Iñako Ziarzolo eta Jon Martinez de Albeniz Hala Bedi irratiaren eta Gasteizko gaztetxearen izenean

Piztu Gasteizen ondorenak

Pasa da eguna, orain lanean jarraitzea besterik ez zaigu geratzen, egunerokotasuna piztea, beste horrenbeste urte bete ditzagun

Iragan dira asteak, baina agian ez da iragan urriak 11n gertatutakoa barneratzeko behar besteko denbora. Denbora hartu behar genuen, jasotzeko egunak, kontuak egitekoa, balantzeak, ondorioak... eta hemen gatoz berriro ere Gasteiz piztu zenaren berri ematera.

Piztu genuen ilusioa, lanerako prestutasuna, piztu genuen auzoa eta herritarren irribarrea. Gasteizkoak eta kanpokoak, Euskal Herri osoko jendea izan genuen Piztu Gasteiz egunean.

Indar erakustalditik haratago joan zen eguna, herri mugimenduari omenaldi bat zor genion, gure 25 eta 20 urteetan joan-etorri nabarmena egon da beraien eta gure artean Hala Bedi irratian zein Gaztetxean, elkarlana, eta eguna horren isla izan zen. Hurbildu zen orori, bera ere giltza dela azaldu nahi izan genion, eta horretarako funtsezkoa izan zen eguerdiko ordu bietan egin zen ekitaldia, Matxete plaza jendez lepo zegoela. Argi geratu zen jendea ez zela festara bakarrik etorri, eduki bat zuen egunak, giroan usaintzen zen, nabarmena zen, eta ekitaldian mamitu egin zen.

Autogestioa goizeko seietatik egon zen kaleetan dantzan, aldamio eta tabloi artean. 24 orduko zoramena eta hilabete luzetako lanaren erakuslea izan zen urriak 11, esan genuen moduan, norbanakoaren grinatik kolektiboaren indarreraino egin daitekeenaren adibide.

Antolaketa lanak goizeko seietan hasi eta hurrengo eguneko goizeko seiak arte luzatu ziren. Nahas-mahas horretan bazirudien ez zegoela egunaz jabetzeko aukera handirik, eta egia esan, hurrengo egunetako jendearen inpresioek, mezuek, deiek, balorazioek... erakutsi ziguten zerbait utzi zuela egunak burmuin askoren hondarretan.

Goizeko hamaiketan eman zitzaien hasiera ekimen guztiei. Horretarako, zaletasun guztiak aintzat hartuta, sei gune zeuden atonduta. Zerbait izan badu eta badu hiri honek, hori kontrastea da, aniztasuna... egunean bertan islatu zen hori. Euskaldun erdaldun, gazte, heldu, adindu, folkloristak, rockeroak, reggae zaleak, hip-hoperoak, teatreroak, kirolariak... zaletasun guztietarako abagunea eskaini genuen alde zaharreko mila ertzetan. Eta nola ez, eskertu beharrean gaude egun horretan gurekin izan ziren musikari, artista, sortzaile, laguntzaile... guztiei, zeuek eman zenieten ukitu berezia egunari. Eguna antolatzeko zeuden baldintzak onartu eta Euskal Herriko hainbat txokotatik etorri zineten jai honetan parte hartzera, batzuk Hala Bedi izango zenuten hurbileko kontaktu, beste batzuek gaztetxea, bertan kontzerturen bat eman izanagatik edo bestela, baina egun hartan Gasteiz izan zen zuen guztion geltokia. Beraz, eskerrik asko!

Nola ez, poliziak ere bilatu nahi izan du protagonismoa kanpaina honetan, epaiketa baten esperoan gaude, zer eta pankarta bat jartzen saiatzeagatik. Batzuek lehengo lepotik burua.

Pasa da eguna, orain lanean jarraitzea besterik ez zaigu geratzen, egunerokotasuna piztea, beste horrenbeste urte bete ditzagun. Esana dugu, badakigu ez dela erraza, bizi eredu inposatuari aurre egin eta egunero bide berriak asmatu beharrean gaude, baina badakigu egiten. Jarrera besterik ez dugu behar, bakoitzak bere inguruan eragitea eta apurka-apurka ilusio eta ekiteko gogoa ereitea.

20 eta 25 urte hauetan jende asko aritu da lanean gaztetxean zein Hala Bedi irratian, azken urtean elkarrekin aritu gara bi etxeok, aberatsa izan da, eta seguru gaude badatozela berriak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo