GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Polizia-izapideak ez dira inkomunikatzeko arrazoia. Zein da haren benetako helburua?

Arkaitz Agote donostiarrari gertatu bezala, Guardia Zibilaren egoitza batean bost egunez inkomunikaturik egotea ohikoa da atxilotutakoak euskal herritarrak direnean, baita egoera horretan «kalte terroristak» edo beste akusazioren bat bere gain hartzea ere. Ohikoak dira inkomunikazio osteko tortura salaketak. Ez da batere ohikoa, aldiz, Auzitegi Nazionalaren auto batek atxilotuak polizia-etxean zegoela egindako deklarazioak borondatezkoak izan ziren ziurtasunik eza agertzea eta, horrenbestez, hura absolbitzea. Ez da ohikoa autoak, Guardia Zibilak egindako izapideak aztertuta, atxilotua inkomunikatzeko arrazoirik ez zegoela esatea. Bai, ordea, polizia-etxean bakartuta egindako deklarazioak euskal herritarrei kartzela zigorra ezartzeko «froga» bakarra izatea. Madrilgo Gobernuak, epaileek, politikariek azaldu beharko lukete zertarako bakartu zuten donostiar gaztea. Alegia, zein den inkomunikazioaren benetako helburua. Eta azaldu beharko lukete atzo atxilotu zituzten nafarrekin egin beharreko izapideek bost eguneko inkomunikazioa justifikatzen duten. Erantzunak jakinak dira; hala ere -horregatik-, ez daude tresna horri uko egiteko prest.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo