GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Sexua eta bikote harremanak, landu beharreko gai

Badira hamabost urte Lapurdiko kostaldeko Planning Familial elkartea, sexuari eta bikote harremanei buruzko informazioa emateko gunea, desagertu zela. Menturaz, hainbatek uste du garrantzi gabeko gaiak direla eta, hortaz, arretagune hura bigarren mailako zerbitzua zela. Alabaina, Lapurdiko emakume talde baten irudiko, beharrezko zerbitzua da, eta gainera eskaera handikoa ere badela nabaritu dute. Horrenbestez, Planning Familial elkartea berriz abian jartzea erabaki zuen. Erabaki eta egin, elkarteak bihar zabalduko baititu ateak Baionan. Sexuak eta bikote harremanek, oro har, emakumeen aurkako indarkeriak, sexu erasoek, abortuak... ez dirudite bigarren mailako gaiak, eta ongi dakite elkarteko emakumeek ez direla hala. Paueko Planing Familialek Maulen baserri inguruetan informazioa helarazteko sortu zuen adarra eskaeraren erakusgarri nabarmena da; izan ere, 2007an 75 laguni arreta eskaini baitzieten bertan hilean bitan egiten zituzten egonaldietan, eta beste berrehuni telefonoz eman zieten informazioa. Bitarteko gutxi izateak informazio lana lehenestera behartzen du oraingoz Lapurdin berpiztu den elkartea, baina honen asmoa eskoletan ere lan egitea da, eskoletako langileek beraiek aitortu baitiete horren beharra dagoela. Izan ere, heziketa funtsezkoa da gizarte honek dituen ezaugarri zaharkitu eta kaltegarriak desagerrarazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo