GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Planning Familial elkartearen sorrera

Sexu eta bikote harremanen arloa lantzeko gunea abian da Lapurdin

Sexu harremana, abortua, kontrazepzioa edo bikoteari dagozkion arazoen eztabaidarako gune libre bat eskaintzea da Planning Familial elkartearen helburua. Eta, hamabost bat urtez Lapurdiko kostaldetik desagertu ondoren, bertako emakume talde batek elkartea berpiztea erabaki du. Ateak bihar bertan zabalduko ditu. Dagoeneko, hilabetean bi aldiz jardunaldiak izango dituzte, eta, telefono zenbaki bat ere jarri dute deiak jaso ahal izateko.

P006_f01_235x137.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Baionako Planning Familial elkarteak 1990eko hamarkadan ateak itxi zituen. Hamar bat urteko isiltasunaren ondotik, berriki, bertako emakume talde batek, berriz ere, elkartea berpizteko erabakia hartu du. «Pauen Planning Familial elkartea egituratua da. Lapurdiko kostaldeari buruzko eskaera anitz zituztela-eta, Baionan horrelako egitura bat sortzeko beharra azaldu ziguten behin baino gehiagotan», argitu zuen Maria Jose Arana proiektuaren bultzatzaileak.

Pauek eta lekuko elkarteek azaldutako eskaerei erantzunez, beraz, Baionan ateak zabalduko ditu Planning Familial elkarteak bihartik aitzina. «Sortu aitzin, lekuko osasun eta irakaskuntza arloko eragileekin bildu gara, beharrak zein diren aztertzeko», gehitu zuen.

Sexu harremana, bortxaketa, genero indarkeria, abortua, bikote harremana, dira, besteak beste, Planning Familial elkarteak jorratuko dituen gaiak. «Informazio beharra dagoela atera da bilkura horietatik. Izan ere, 1990eko hamarkadatik hona gizartea asko aldatu baita», nabarmendu zuen, berriz, Aranak.

«Biztanleriak bizi dituen egoerak orduan baino latzagoak dira gaur egun», jarraitu zuen esaten, Planning Familial bezalako elkarte baten sorreraren beharra azpimarratu nahian. Horrela, gaur egungo sexuari buruzko informazioa gehienbat egitura publikoek zabaltzen zutela gaineratu zuten elkartearen sortzaileek.

«Pertsona batek lehen sexu harreman izan nahi du, eta informazio bila dabil. Ez du gai horretaz askatasun osoz mintzatzeko gune asko. Baionako Ospitalean Planifikazio zentroa dago, baina, bertan, abortuari eta kontrazepzioari dagozkion gaiak lantzen dituzte gehienbat. Ez da borondaterik ez dagoelako, astirik sobera ez dutelako baino», gaineratu zuen Mireille Suhubiettek.

Leheh sexu harremana, kontrazepzioa edo ginekologoarekin lehen bisita: horiek guztiek gai arinak badirudite ere, Planning Familialentzat oso garrantzitsuak dira norberaren sexuarekiko harremanean.

«Bere sexu harremanetan zoriontsu ez den edonork, bikote bizimoduan zoriontsu izateko arazoak izango ditu», azpimarratu zuen, bestalde, Mireille Suhubiettek.

Emakumeak zein gizonak

Halere, argi utzi nahi izan zuten Planning Familial elkartea ez dela bakarrik gazteei irekia.

«Gure xedea ez da gurera etortzen direnei zein jarrera izan behar duten esatea, entzutea baino, eta beraiekin trukatzea irtenbide bat aurkitzeko. Hausnarketa norberak bideratzea da xedea», gehitu zuten. Eta, mota horietako gogoetak adin guztietako herritarrei zabalduak direla nabarmendu zuten, hau da gazte zein heldu, gizon zein emakume, bertaratu daitezke.

Baionan bihar zabalduko ditu ateak, beraz, Planning Familial elkarteak, eta, hala, bertako emakumeek kudeatuko duten mota horretako lehenengo elkartea izango da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan.

Lapurdiko kostalde osoko herritarrei zuzendua dela, guztien beharrei erantzun nahian, telefono zenbaki mugikorra zabalduko dute elkarteko kideek.

«Zenbaki horren bidez edozein ordutan gurekin harremanetan jartzeko aukera izango du hitz egiteko gogoa daukan pertsonak», esan zuten. Horrekin batera, hilabetean bi aldiz jardunaldi bereziak egingo dituzte Baiona Txikia auzoan dagoen gazte informazio bulegoan (BIJ egoitza). Horrez gain, Glain guneko biltokian bulegoa izango dute, astean behin irekia. «Horiek dira oraingoz eskaintzen ditugunak. Gure xedea gero eta urrunago joatea da. Ditugun bitartekoak nahiko murritzak dira, beraz, informazioari lehentasuna ematea erabaki dugu», azaldu zuten.

Informazioa zabaltzearekin eta deiak jasotzearekin batera, eskoletan ere lan egiteko asmoa dutela gaineratu zuten.

«Eskoletan lan egiten dutenekin biltzeko aukera izan dugu, eta behar handia dagoela argi esan digute. Mutikoek askotan neskekiko jarrera matxistak edo bortitzak izaten dituzte. Zenbait eskolek gazteekiko informazioa beren gain hartzen dute, eskola programan sartzen baita, baina, ez da ikastetxe guztietan berdin gertatzen», esanez bukatu zuten elkarteko kideek.

Bihar, L'Atalante zinema aretoan Planning Familiali buruzko filma emango dute, eta hitzordu hori baliatu dute elkartearen sorreraren berri emateko.

Lehen agerpena

Irekitze ofizialik egiteko asmorik ez izan arren, bihar, Baionako L'Atalante zinema aretoan, elkartearen sorreraren berri emango dute Planning Familial elkarteari buruzko film baten proiekzioaren bidez.

Maulen gero eta handiagoa da eskaera

Paueko Planning Familial elkarteak Maulen adar bat sortu zuen 2005. urtean landa inguruetan informazioa helarazteko. Bi urte darama elkarteak bertan lanean. Hasieran, abiatzea zaila izan zuen Planning Familialek, baina, gaur egun, gero eta galdera gehiago jasotzen dituzte. Paueko ordezkariek argitu zutenaren arabera: «2005ean sortu zelarik, kontrazepzioa, sexualitatea eta arlo bereko gainerako informazioa jaso ahal izateko gune bakarra ginen 30 bat kilometroko inguruan». Horrela, lehen urtean hogeita hamasei bat lagun bertaratu zitzaizkien. «Hurbildu zaizkigun lagunak ginekologo batekin azterketak eskaintzeko eskaera egin ziguten. 2007ko uztailean abiatu ditugu beraz horiek, eta geroztik hilabetean sendagilearekin bi jardunaldi egiten ditugu», gehitu zuten.

Orotara, 2007. urtean hirurogeita hamabost bat lagun jaso dituzte, eta, beste berrehun bat dei, informazioa eskuratzeko. Horien artean, gehienak emakumeak izanik ere, gizon ugari izan dute. «Emakumeak, gehienak adin txikiko gazteak ziren. Kontrazepzioa, Hiesaren azterketa, eta bortxaketa gisako gaien inguruko elkartzeak izan dira. Gizonetan, bikote harremanari buruzko informazioa ere eskatu izan digute. Telefonoz deitzen dutenak, gehienetan helduak izaten dira», azaldu zuten.

Horrenbestez, elkartea abiatzerakoan zenbait zailtasun izan bazituen ere, gaur egun, «entzuteko gune» baten beharra argi ikusten zela jakinarazi zuten Paueko Planning Familial elkarteko kideek. «Lekuko eragileekin sare bat sortzen ari gara», argitu zuten azkenik. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo