GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Nazka eta higuina

Ez digutelako hitz egiten gertatzen diren gauzez, gerta zitekeena da beraien aho lerdotuek izkiriatzen dutena. Gerta zitekeena. Hori da Azkarate guztiei balio diena. Gerta zitekeena. Eta gertatzen dena, zer? Eta gertatzen dena gehiago ez gertatzeko, zer?

Hori da, gainera, onena. Hori da harridura handiena sortzen didana, edo, hobe erran, nazka eta higuin gehiena. Hori da entzuten ditudanean amorrarazten nauena, irribarre zitala ezpainetan janzten didana, nor naizen eta zer diren egunero argi eta garbi adierazten didana. Baina, hala ere, hala ere, orain Aurken, Xabier, Araitz eta Sergiori egiten ari zaizkiena egingo nieke ea behingoz non bizi garen konturatzen diren horrela. Sentiarazten didaten nazka eta higuina, bai, nazka eta higuina, bai, ispiluak baikara zuen opakotasunaren aurrean.

Nik ez dakit zer, noiz, non eta nola egin behar den Jaurlaritzaren bozeramaile izateko; berdin dio zein mailako bozeramaile, azken finean, Jaurlaritzaren aho. Zoofilia modatik at geratu da pederasten gorakadaren ondoan, baina uste dut putreei felazioak egiten dabilela txoritxo asko. Nola uler daiteke bestela hain hurbil ikusi ditudan gertakarien aurrean jarraitu duten ildo informatiboa? Egin dezadan errepasotxo bat.

Iruñerrian hasiko dugu isiltasunaren kronika, gertatzen dena eta gerta zitekeenaren artean zein alde dagoen ikusiko dugu eta. Gure nerabezaroan gertatzen zen bezalaxe, Poliziak gazte koadrila bat atxilotzen du kale erasoak aitzakia gisa hartuta. Beraietako bat polizia auto batek azpian hartu, eta egunak inork bere berri izan gabe joaten dira, baina Guardia Zibilak ezer esaten ez duenez, ez du inork ezer galdetzen. Entzun al zuen inork Jaurlaritzaren medioetan eta bere dirulaguntzei esker bizi direnetan onen berririk? Goazen aurrera. Gazte hauen atxiloketak sarekada berria dakar egun gutxitara, horrela saltzen du behintzat Espainiako propaganda sailak eta Nafarroako EKIN egituraren deuseztatzea dakar, Rubalcabaren hitzetan, bigarren sarekada honek. Lauzpabost pertsonaren bila azaldu zen Guardia Zibila beraien etxeetan, baina ez zeuden bertan eta alde egin bezain laster horietako batzuk epaile aurrera joateko prest azaldu ziren. Epaileak ez zituen hartu nahi izan, eta hilabete pasatxo geroago, hara non datorkigun prentsa espainiarra esanez aurrez aipatu ditugun pertsonek «Nafarroa komandoa» osatzen zutela. Arraroa, ezta? Arraroagoa oraindik pertsona horietako baten etxe atarian nabarmen poliziak ziren gizonak lau egunetan zehar kantazoa ematen ikusi badituzu, nik ikusi nituen bezala. Eta arraroa Jaurlaritzaren ahoen isiltasuna.

Beste sarekada bat Nafarroan. Hau orain, aste honetan. Atxilotuetako bat duela urte batzuk «Urbasa komandoa» izena zuen beldurrezko filmaren protagonistetako bat izan zen. UPNko Leitzako zinegotzi bat hiltzeagatik torturatu eta espetxeratu zuten beste hiru gazterekin batera. Bi urte pasa eta beraiek ez zutela egin esan zuten epaile espainiarrek. Jodete! Eta jodete bi aldiz, orain ere ez dute-eta hari buruz fitsik ere erran.

Ez digutelako hitz egiten gertatzen diren gauzez, gerta zitekeena da beraien aho lerdotuek izkiriatzen dutena. Gerta zitekeena. Hori da Azkarate guztiei balio diena. Gerta zitekeena. Eta gertatzen dena, zer? Eta gertatzen dena gehiago ez gertatzeko, zer?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo