GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Osoko bilkuraren atarian, nazio gisa pentsatu eta jarduteko deia egin du Nazio Eztabaida Guneak

Oihana LLORENTE |

Larunbatean izango du aurtengo Nazio Eztabaidak bere mugarri nagusia, Iruñeko Golem zinema aretoetan egingo baita, 9.30etik aurrera, osoko bilkura. Bertara, gainera, herrialde, sektore eta eragile ezberdinetako berrehundik gora gizabanako gonbidatu dituztela jakinarazi zuten atzo Nazio Eztabaida Guneko kide Mikel Irastorzak eta Maite Aristegik.

Nazio Eztabaidak orain arte emandakoaz eta nazio gisa aritzeko beharraz aritu ziren atzo Donostiako agerraldian. Balantze baikorra egin zuten urrian Euskal Herriko lurraldeetan antolatu izan diren Ekarpen Foroen eta webgunearen jardunaren inguruan. Eta ibilbide honetan, «gure nazioa eraikitzeko herri gogoa pizturik» ikusi dutela nabarmendu dute. Herri gogoa gainera, Euskal Herriak nazio gisa aske bizi eta garatzeko duen «osagairik garrantzitsuena» dela ulertuta, gogo hori bideratzeko parte-hartzerako eta lanerako tarteak zabaltzea ezinbestekotzat jo zuen. Era berean, Nazio Eztabaida Guneak norabide horretan ekarpena egiten jarraituko duela berretsi zuen prentsaren aitzinean.

Larunbateko bilkuran Euskal Herriaren egoeraren azterketa eta datorren ikasturterako Nazio Plana jasotzen dituz- ten dokumentuak adostuko dituzte. Irailaren 25etik garatzen dabiltzan prozesuan ekarpen ugari jaso dituztela aipatu, eta diagnostikoaren ondorio nagusiekin zein progra- mazioaren norabidearekin «adostasuna» nagusi izan dela baieztatu zuten.

Aurrerantzean ere gauzatuko duten lana iragarri zuten atzo eta egoera aztertzeko eta elkarlan bideak lantzeko, Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoekin harreman erronda zabala abiaraziko dutela adierazi zuten.

Indarrak biltzeko unea

Herritarrak Euskal Herrian bizi den egoeraz kezkatuak direla ohartarazi zuten, alabaina, sektore eta eremu ezberdinetan, egungo esparru juridiko-politikoa gainditzeko beharra «agerikoa» ere badela ondorioztatu dute. Aldaketa hori lurraldetasunean eta erabakitzeko ahalmenean oinarritu be- har dela esan zuten prentsaurrekoan, eta Euskal Herriko gehiengo sozial, sindikal eta politikoak aldaketa horrekin bat egiten duela gehitu zuten.

Horiek horrela, Euskal Herria nazio gisa gorpuzteko eta burujabetza lortzeko, nazio gisa jarduteko gonbita egin zuten, bai herritarrei, bai eragileei begira. Era berean, nazio osoko indarrak bildu behar direla nabarmendu zuten eta larunbateko Iruñeko hitzorduak horretarako «aukera ezin hobea» eskaintzen duela jakinarazi zuten antolatzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo