GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Lakuako Gobernuak «babes osoa» eskaini die Lasari eta Ertzaintzari

Ohi bezala, ETAren azken agiriak erreakzio ugari eragin ditu, eta instituzioetako eta alderdi politikoetako eledunek erakunde armatuaren kontrako hitz gogorrak izan zituzten atzo. Ildo horretan, Miren Azkarate Lakuako eledunak «joateko» eskatu zion. Azkaratek babesa eskaini zien Maixabel Lasari eta Ertzaintzari, eta Miguel Sanz Nafarroako presidenteak gauza bera egin zuen Foru Poliziarekin.

p015_f01_148x116.jpg

GARA |

ETAren azken agiriak ordezkari instituzional eta politiko ugariren erreakzioak eragin zituen atzo, eta, besteren artean, Lakuako eledun Miren Azkaratek, adierazpenak egin zituen erakunde armatuak esandakoak gaitzesteko. Gasteizko Parlamentuan prentsaren aurreko agerraldia egin zuen Azkaratek, eta «joateko» eskatu zion ETAri, bere aburuz «hori baita gizartearen aldarria».

Gobernuaren ordezkariak, bere hizketaldian, «erabateko babesa» eskaini zion Maixabel Lasari, ETAk, bere agirian, «Barne Saileko soldatapekoa den militante antiabertzalea» izatea leporatu, eta «herri honek jasaten duen zanpaketa lausotu eta ezabatu» nahi izatea aurpegiratu baitzion. Ildo honetan, Azkaratek adierazi zuen Lasa «lan zoragarria» egiten ari dela Lakuako Biktimen bulegoaren zuzendaritzan, eta gaineratu zuen gizartearen gehiengoaren babesa baduela.

Erakunde armatuak Euskal Herrian dauden polizia indarrak ere aipatzen ditu bere agirian, eta, horri helduta, Azkaratek babesa eman zien polizia indar horiei eta, bereziki, Ertzaintzari. «ETAk azken hilabeteetan argi erakutsi du, bonba-tranpak jarriz, ertzainen artean ahalik eta biktima gehien eragiteko asmoa», gaineratu zuen.

Azkaratek erakunde armatuari egotzi zion «ezker abertzaleari ateak ixten lehena» izatea, eta euskal preso politikoak «oso gutxi» inporta zaizkiola baloratu zuen, Gobernu espainolarekin izandako azken elkarrizketa prozesuan «ez zuelako inolako interesik izan gai hau mahai gainean jartzeko».

«Gure Polizia»

PSEk, ohar baten bidez erantzun zion ETAren agiriari, eta Patxi Lopezen alderdiak elkartasuna eskaini zien erakunde armatuaren jo puntuan daudenei, bereziki «gure Polizia» gisa aipatzen duen Ertzaintzari.

ETAren agiria luzea izanagatik, eta hainbat gai sakonean jorratzen dituen arren, PSEk ez zuen bere edukien gaineko baloraziorik egin, haien «oihartzuna handitzen ez laguntzeko», eta erakunde armatuaren kontra «fronte guztietan eta Zuzenbide Estatuaren tresna guztiak erabiliz» borrokatzearen aldeko apustua egin zuen.

Azken ekintza armatua Iruñean egin zuen ETAk, Opus Dei-ren unibertsitatearen kontra, eta Miguel Sanzek, erakunde armatuari «Nafarroari eta bertako erreferente politiko, instituzional eta gizarte mailakoei eraso» egitea leporatu zion. «Nafarroako herria ordezkatzen duten instituzio guztiei eraso egiten ari dira, jo puntuan jartzen ari dira» adierazi zuen, eta Azkaratek Ertzaintzarekin egin bezala, Foru Poliziari babesa eman zion Nafarroako presidenteak.

EAko buru Unai Ziarretak, bere aldetik, adierazi zuen ETAk «ezin duela adierazpen politikorik egin eta ez lituzkeela egin behar», eta «kontraesana» dela adierazi zuen, «Lizarra garaiko jarreretara itzultzeari buruz hitz egitea, eta, aldi berean, iragartzea atentatuak egiten jarraituko duela Estatua negoziatzera bultzatzeko».

Lizarra-Garaziko hitzarmena ere hizpide izan zuen Ezker Batuko Mikel Aranak, eta adierazi zuen ETA izan zela itun horren «porrotaren erantzule bakarra». Haren aburuz, erakunde armatuak «ez dauka inolako zilegitasunik Lizarraren, eta itun honek eragin zituen bake itxaropenen gainean hitz egiteko».

Mezu berdinari heldu zion Aralarrek ere, ETAri egotzi baitzion Lizarra-Garaziko ituna apurtzea.

opus-en eskubidea

Miren Azkaratek Opus Dei-k unibertsitate eskaintza egiteko eskubidea duela esan zuen, eta adierazi zuen «jende ugari» dagoela, ideologia askotakoa, abertzaleak edo ez, seme-alabak Nafarroako Unibertsitatean hezteko erabakia hartu dutenak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo