GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Gipuzkoako Goierritik, Sugan taldeak «Malko Gorria» bigarren pop rock lana plazaratu du

Duela bi urte estreinako lana aurkeztu eta telebistako «Pilotari» telesailari esker nabarmendu da Beasaingo boskotea. Bigarren lana plazaratu dute orain Elkar diskoetxearekin, «Malko Gorria» izenekoa.

p047_f02_148x104.jpg

A. B. | BILBO

Sugan taldeak «Malko Gorria» aurkeztu zuen atzo, orain bi urte hasitako bideari segida ematen diona. Taldearen izena ingelesezko «sugar» (azukre) eta euskarazko «zugan» hitzak uztartuz sortua da.

Beasaingo bost gaztek osatzen dute Sugan taldea: Maria Amolategi (ahotsa), Eli Bufanda (ahotsa), Garazi Zabaleta (pianoa), Jon Eskisabel (gitarra eta baxua) eta Victor Sanchez (bateria). Orain bi urte, taldearen izen bereko estreinako lana plazaratu zuten, eta «Goenkale» telesaileko tabernan behin eta berriro entzun ostean ezagun egin ziren. Beraiek egindakoa da «Pilotari» telesailak duen sintoniaren kantua ere, «Irakurketa».

Hamalau kantuz osatutako lana da «Malko Gorria», iragan udaberrian Elkar eta Strike 3 estudioetan Victor Sanchezen gidaritzapean grabatutakoa. Sanchez, taldeko bateria-jotzailea ez ezik, estudioko soinu teknikaria ere bada. Oraingo honetan lana ekoizteaz ere arduratu da, lehendabiziko diskoan Juan Carlos Perezen ardurapean izan zen lana bere gain hartuz. Masterizazioa berriz, Jean Phocasek egin du.

Eli Bufanda dugu taldeko kantugile nagusia, bereak baititu diskoa osatzen duten hitz guztiak, beste abeslari Maria Amolategik egindako «Hiriak» kantuko hitzak izan ezik.

Elkar diskoetxeko arduradunen iritziz, «pianoak eragindako eite klasikoa duen pop rock zuzen eta freskoa» da Suganek egiten duena, eta hori du erakargarritasun nagusia, «kantatzeko eran sumatzen den samurtasun ikaragarriarekin» batera.

Rockera lerratua

Lehen lanaren ondoan, honakoak «gitarra gehiago ditu, eta indartsuagoa da», rock doinuetara lerratuta dago. Horrez gain, eta taldeak zuzenean lortu duen eskarmentuari esker, «aurrenekoa baino helduagoa da».

Taldearen izenarekin bezala, diskoaren izenburuak ere kontraste joko bat dakar, eta «malkoaren tristura eta malenkonia gorriaren indarrarekin» nahasten du. Taldearen musikaren ezaugarriak ere modu horretan definitu daitezke, agian.

Maria Amolategi abeslariak abenduan eskolarik ez duela baliatuta, (Italian ikasketak burutzen ari da), Donostia inguruan zuzeneko aurkezpena data horietan egingo dute taldekideek.

 

ZUZENEAN

Sugan taldearen ahots nagusiak, Maria Amolategik, Italian ikasten dihardu egun, eta horrek gauzak zailtzen dituen arren, diskoaren zuzeneko aurkezpena egitekoa da taldea, ziurrenik abenduan.

Fitxa

Taldea: Sugan.

Diskoa:

«Malko Gorria».

Argitaletxea:

Elkar (2008)

Salneurria:

15 euro inguru.

Ficha

Lugar: Baztan, Castejón, Irurtzun, Lekunberri y San Adrián.

Fecha: Entre hoy y el 23 de noviembre.

Grupos: O' Carolan, Zurgó y Lantz.

Precio de la entrada: Gratuita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo