GARA > Idatzia > > Kultura

«Hasieratik, proiektuan bildu nahi izan dugu jendea»

 
Iñaki Uria

Hamaika telebistako zuzendaria

Euskal komunikabide hau jaio zenetik lan egin izan du Uriak proiektua aurrera eramaten. Egun, Hamaika telebistako zuzendaria da eta hedabideak hartzen dituen alor guztietan murgilduta dago. Atzo, EHUko «Telebista digitala. Geroko telebista gaur» jardunaldien barruan, hitzaldi bat eskaini zuen proiektu berri honen nondik norakoak azaltzeko.

Nori begira egin duzue Hamaika?

Nagusiki, talde gazte bati zuzendu nahi diogu, 20 eta 40 urteko laginari. Alde batetik, umeak dituzten guraso gazteak sartzen dira; bestetik, 20 eta 30 urte bitartekoak dauzkagu, guretzat zailen den taldea da eta gauza interaktiboak sortu nahi ditugu hauek erakartzeko. Hala ere, ideia hau gorpuztuz joango gara.

Programazioari buruz, zerbait aurreratu al dezakezu?

Bitan saiatuko gara banatzen. Alde batetik, Bilbo izango dugu hizpide bertako albisteak emitituz. Beste aldetik, aisialdiari eta kulturari buruz arituko gara. Emisioa egunean bi ordutakoa izango da hasieran.

Nolakoa izan da prozesua martxan jartzea?

Denetariko esperientziak izan ditugu. Lan handia izan da Hamaika osatzen duten taldeak elkartzea; era berean, ilusionagarria izan da kanpora begira, eta, oso interesgarria, barrura begira, joera desberdineko profesionalak bateratu ditugulako.

Zer izan dira gehiago, oztopoak edo laguntzak?

Oztopoak handiak izan dira eta izango dira, noski. Baina laguntzari begira, etxekoen artean egon badagoela azpimarratzekoa da. Horretaz gain, proiektua egiteko bokazioa dago eta uste dut hori positiboa dela.

Euskara sustatzeaz gain, beste helburu batzuk ere badauzkazue.

Lan txukunaren bidez telebistari ekarriko dizkiogu abantailak. Hiritarraren entretenimendurako tresna berri bat sortzen ari gara. Askotan, hizkuntza eta gaia ez datoz bat, baina lortuko dugu.

Zer jotzen duzu azpimarragarritzat?

Enpresan parte hartzeko eta murgiltzeko aukera. Hasieratik, proiektuan bildu nahi izan dugu jendea. I.R.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo