GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga informatika ingeniaria

Software librea eta krisia

Krisialdi ekonomikoa eta software librea. Elkarri eragin liezaiekete? Galdera horren inguruko aukerak aztertzen ditu Iratxe Esnaolak. Software librearen bideari heltzea beti ere egokia dela iritzita, krisialdian software librearen aldeko apustuak zeregin garrantzitsua bete lezake, administrazio publikoen inbertsiotzat jo liteke eta. Eta, krisian izan edo ez, alternatiba erreala da, egilearen ustez.

Krisia» izango da, ziur aski, herritar guztion ahotan gehien errepikatzen den hitza. Ekonomia krisia dela. Ez, finantzarioa dela. Baina sistema bera ere krisian dagoela. Eta mundu (ustez) global honen ekonomia eredua dela, hondoa jotzeko arriskuan egonda, errekuperatzen saiatzen ari direna. «Zenbat buru, hainbat aburu». Gehiengoak uste osoa du, ordea, herritarron kontura aberastu direnak hondoa jotzera doazenean, berriz ere, herritarron dirua erabiltzen ari direla, hain zuzen, hondoa jotzeko arrisku horretatik errekuperatzeko. Aberastu, hondoratu eta berriz errekuperatu. Dena herritarron kontura, baina helburu bakarrarekin: sistema bere horretan mantentzea. Horretan ari dira diru publikoarekin. Arlo ezberdinetan inbertsio ikaragarriak eginez, eta EAEko foru aldundien kasuan, esaterako, udaletxeei eskatuz aurreikusitakoaren zati handi bat itzultzeko. Hondoa jotzen ari den sistemaren interesak defendatzeko egin nahi dituzten inbertsio guztiak egikaritzeko, herritarrei bideratutako dirua itzultzea ezinbestekoa zaie. Inbertsio horietan guztietan sartzen dira inbertsio teknologikoak ere. Eta, testuinguru honetan, zein eragin izango du krisiak software librearen eremuan? Eta zein eginkizun betetzen du software libreak krisian?

Krisiak, batekoak zein bestekoak, mehatxu edo arriskutzat jotzen dira. Baina bizitzako eremu guztietan bezala, arrisku guztiak aukerez josita agertzen dira. Edota, hobe, arriskuen zirrikituak aurkitu behar dira, hortik aukerak etortzen direlako. Zentzu horretan, krisiaren ondorioz software librearen aldeko bultzada bat egongo dela pentsatzen duenik bada.

Eta ulertzekoa da hori pentsatzea. Software libreak, epe ertain edo luzera, berau erabiltzen hasteak eskatzen duen inbertsioa erabat murriztea dakar. Lizentziak ez ordaintzearen auziari zor zaio epe ertain-luzerako software libreak duen izaera estrategiko hori. Herri administrazioen kasuan adibidez, egun, eta EAE hizpide dugula, 517.239,83 euro xahutzen dira Microsoften lizentziak eguneratzeko. Deialdi publiko bidez egiten da, baina esleipena aurrez eginda dago eta herritarron zergetatik bildutako milioi erdi euro (publiko) Microsofti eskaintzen zaizkio zuzenean. Eta eguneratzeari iraungitze-data iristen zaionean, beste milioi erdi euro. Eta berriz. Behin eta berriz. Eta ez da inoiz bukatzen. Microsoftekin lan egitearen ondorioz epe ertain-luzerakoa dena mendekotasun teknologikoa da (eta, beraz, ekonomikoa ere bai), ez besterik.

Software librearen kasuan, erabilera lizentziak ez dira ordaindu behar. Hasiera batean, ziur aski, lizentzietan xahutzen ez den diru publikoa, profesional kualifikatu eta erabiltzaileen prestakuntzan inbertitu beharko da. Baina horrexegatik, hain zuzen, software librearen alde egiten dugunok, epe ertain-luzerako murrizketez hitz egiten dugu. Software librea apustu estrategikoa da. Etorkizunekoa. Perspektibaz, alor digitalean herritarren parekidetasuna helburu duen erabaki estrategikoa da. Eta epe ertain-luzean kostu ekonomikoetan ekarriko duen murrizketagatik, krisi honetan zenbait enpresa pribatuk eta herri administraziok software librearen aldeko bidea hartuko dutela aurreikustekoa da.

Baina denetarik esan da. Beste batzuk krisiak software librea desagertzea ekarriko duela esatera ere ausartu dira. Horretarako, zalantzan jartzen dute software librearen munduan elkarlanean diharduen «garatzaile-komunitatea». Alegia, diotenez, egun, software libreko proiektu asko enpresa eta instituzioen finantziazioarekin garatzen diren arren, beste asko eta asko munduaren luze-zabalean barreiatuta dauden programatzaileek garatzen dituzte, eta krisiaren aurretik beren astialdian egiten zutena, krisi garaian, ez dute egingo, musu-truk ezer egiteko prest egongo ez direlakoan.

Tesi horretan kontraesana dagoela ere esan daiteke, argumentu nagusia komunitatearen izaera bera baita: pasioz eta ilusioz -baina musu-truk- elkarlanean oinarritutako lankidetza eredua. Eta hain zuzen, krisian dagoen sistemari bizkar ematen dion funtzionamendua da hori. Etika teknologikoa aplikatzen duena. Elkarlanean oinarritutako balio eta printzipioak dituen etika teknologikoa. Eta pentsa daiteke era berean, egungo krisiak balio eta printzipio horiek indartu egingo dituela, zentzuz gabetzen duena software jabedunaren funtzionatzeko modua baita.

Kasu batean zein bestean, krisiak eremu guztietan eragingo duela nabaria da. Jim Whitehurst, Red Hat enpresako zuzendari exekutiboaren arabera (software libreko hainbat eta hainbat proiektu diruz laguntzen dituen software enpresa da Red Hat), «krisiak software librearen aldeko apustuan eragina izango du, baina krisia bukatzen hasten den garaia izango da oparoagoa, ez krisiaren hasiera».

Edonola ere, sistema krisitik errekuperatzeko saiakera horretan, orain arteko politika teknologiko berberarekin jarraitzen saiatuko dira, sektore informatikoa ere egungo sistemaren arlo bat gehiago baita. Software librea ezkutatuko digute. Ez dute alternatiba errealtzat aitortuko. «Pirateria» delakoa toleratu eta kontrolatu egingo dute, askatasun teknologikoaren pertzepzio irreala indartzeko asmoz eta, bide batez, «askatasun teknologikoa» kontzeptua bera esanahiz hustuz. Mamia kenduz, hutsala bihurtuz. Bien bitartean, noski, ez zalantzarik izan, herritar guztiona den diru publikoa xahutuko dute saihets daitezkeen gastuetarako erabiliz.

Krisian izan edo ez, une oro izango da aukera egokia software librearen etika teknologikoaren bideari ekiteko. Baina, gogoetaren hasierara joz, krisiaren testuinguruan, zein da software librearen eginkizuna? Nire ustez, lizentziak ordaindu behar ez izateak, software jabedunaren lizentzietan xahutzen den diru kopurua saihets daitekeen inbertsioa dela ulertzen lagunduko du. Kasurik gehienetan, gerora software librearen filosofiaren defendatzaile bilakatu diren arren, kostu ekonomikoak murrizteko helburuarekin egin dira software librearen aldeko apustuak eta, beraz, sistemaren krisiak software librearen aldeko erabaki estrategiko berriak ekarriko ditu. Noiz, non eta nolakoak izango diren... ezin jakin.

Baina are gehiago. Krisiak ere eragingo du software librearen eremuan. Aldaketa argi bat ekar dezake. Egun, software librearen aldeko edo kontrako erabakiak soilik arrazoi teknikoetan oinarrituta daudela ulertarazten saiatzen dira. Baina krisiak, tokian tokiko hondoratze mailaren arabera, erabaki teknologikotzat saltzen digutenari software libreak berezkoa duen izaera etikoa gehitzea ahalbidetuko du. Horixe gertatu da Paraguain, izan ere, Windows XPren lizentzia bakar baten prezioan, tona bat soja eros dezakete bertan, eta egoera horretan, etika hutsagatik, software librearen aldeko apustu garbia egin dute.

Finean, horixe baita software librea: etika teknologikoa. Neutrala eta estrategikoa: alternatiba erreala (krisian izan edo ez).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo