GARA > Idatzia > > Kultura

Igela argitaletxeak bost libururen itzulpenak aurkeztu ditu


Ane ARRUTI | DONOSTIA

Ingelesetik, frantsesetik eta alemanetik bost liburu euskaratu ditu Igela argitaletxeak. Koldo Izagirrek, Antoine Saint-Exupéry idazle eta pilotu frantziarraren «Gaueko hegaldia» itzuli du. Hego Amerikan lehen aldiz gaueko hegaldiak egiteko saioak hasi zireneko istorio bat kontatzen du, pilotu eta hegaldien arduradunaren arteko solasaldia. Joxe Mari Berasategik, R.K. Narayan indiarrak ingelesez idatzitako «Malgudiko ipuinak» bildu ditu. Hamar istorio «labur bezain arin, labur bezain fin, edo, labur bezain sakon».

Juduen arazoarekin lotura dute beste hiru liburuek. Patrick Modiano frantziarraren «Udaberri alua» lanean, Magnum Agentziako Francis Jansen argazkilariaren istorioa azaltzen du Pello Lizarraldek. Xabier Olarrak W. Somerset Maugham britainiarraren kontakizun laburrak bildu ditu «Sei istorio» liburuan. Horien artean dago «Euria» ipuin ospetsua, misiolari zorrotzegi baten eta prostituta baten istorioa kontatzen duena. Azkenik, Juan Luis Agirrek Franz Werfel txekiarraren «Batxilerren eguna» euskaratu du. Ankerkeriaz eta erruz beteriko istorioa, «mobbing» delako jazarpenaren bidez mutiko bat nola txikitzen duten eta horren ondorioak erakusten dituena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo