GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Udalbiltza: «Paris eta Madril euskal nazio aldarrikapenaren beldur dira»

Euskal Herri osoko hautetsiz osatutako erakundearen aurkako epaiketa hurbiltzen ari dela-eta, Ipar Euskal Herriko hainbat zinegotzik atxikimendua adierazi zieten auzipetuei. Haien esanetan, «Madril eta Paris, Euskal Herriaren existentziaren beldur dira».

p016_f01_148x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

«Euskal Herriaren naziotasunak, zazpiak bat aldarrikatzeak, hots, Euskal Herriaren existentziaren ideiak berak beldurtu egiten ditu Paris eta Madrileko agintariak». Baieztapen irmo hori egin zuten, atzo, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hainbat hautetsik Udalbiltzaren auzipetzearen gainean Baionan egindako agerraldian.

Duela ia hamar urte alderdi politiko desberdinetako 1.600 hautetsik sortu zuten erakundearen helburuak eta egindako lan nagusiak gogorarazi zituzten Ixabel Etxeberriak eta Battit Amestoik, hurrenez hurren Urruñako eta Uztaritzeko zinegotziek. Madrilen, seguru asko, udaberri aldera egingo den epaiketan «preseski Udalbiltzaren norabidetze horiek» epaituko dituztela esan zuen Amestoik: «Argi dago, epaiketa politikoa dela. Gure bost printzipioak hartu dituzte erakunde terrorista baten partaide izatearen akusazioa argudiatzeko, eta gure delituak lirateke EHNA tramitatzea, Gaindegiaren sorrera bultzatzea, Zuberoako dinamika ekonomikoa sustatzeko dirua biltzea edota euskal curriculuma abiatzea. Nazio eraikuntzan egiten diren ekimen eta aldarrikapenen beldur dira bai Madril eta bai Paris ere».

Estatu espainoleko «epaitegi bereziak nazio erakunde bakarraren aurkako urratsa egin badu ere», Parisen jokamoldea gogor kritikatzea ez zuten, haatik, ahaztu hautetsiok. Izan ere, «Euskal Herriko Laborantza Ganberaren, indar abertzale jakin bateko militanteen, egoitza eta ostatuen kontrako eraso etengabeak» horren lekuko direla adierazi zuten.

Hogeita bi auzipetu

Beste 20 hautetsi eta langilerekin auzipetuak diren Xarlo Etxezaharreta hazpandarra eta Juan Karlos Alduntzin Pasaiako auzapez ohiak nabarmendu zuten «eraso hori ez dela zerbait isolatua», eta errepresio estrategia orokorraren barnean kokatu zuten. «Herritarrengandik Euskal Herriaren alde lan egiteko jasotako agindua betetzeagatik epaituko gaituzte» gaineratu zuen ehunka hautagaik bezala hauteskundeetan aurkeztea galarazia duen hautetsi ohiak, joera politiko guztietako hautetsiei, «abertzale izan ala ez» eta herritarrei, oro har, mobilizatzeko deia egin aurretik. Lutxi Otxandabaratz Gamarteko hautetsiak jakinarazi zuen azken bozetan hautatuak izan diren zenbait zinegotzik Udalbiltzarekin bat egin dutela.

BILKURAK

Udalbiltzaren auziaz informatzeko bilkurak izango dira: abenduaren 12an, 20.30ean Donibane Garazin, Administrazio gunean; 13an, 10.00etan Uztaritzeko Latsan; eta 19an, 18.00etan Urruñako Biltokin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo