GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

Filmak ikusgai

Gasteizek dagoeneko badu mendi zinemaldia

Abenduaren 15etik 23ra bitartean egingo dute, eta lehen aldia izango du. Bertan 16 pelikula lehiatuko dira, eta gai ezberdinak ikusteko parada izango da, hala nola: alpinismo, eskalada, snowboard, piragua...

p045_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Gipuzkoa aldean bada inbidia puntu bat, eta ez da harritzekoa. Donostiakoa erabat desagertuta, Gasteizko hiriak hartu du hutsune handi hori betetzeko lekukoa, eta lehen nazioarteko mendi zinemaldiari ateak zabaldu dizkio. Bederen, Euskal Herriak badu halako bat, eta Arabako hiriburuan egingo da, abenduaren 15etik 23ra. Gasteiz Mendi Taldeak eta Ascentium enpresak elkar hartuta antolatu dute lehen edizio hau.

Aipatu bezala, hutsunea bete da, eta zinemaldiko zuzendari Jabi Baraiazarrak adierazi digunez, xedea aspaldikoa zen: «Euskal Herriko mendizale askok eta askok aspalditik galdera bera egiten zuten: Noizko mendi zinemaldi bat? Nik beti izan dut buruan, eta gauzatuko zela ikusten nuen. Torelloko mendi zinemaldira joaten hasi nintzenetik xede hori gorpuztuz joan zen. Batekin eta bestearekin hitz eginez, lehen urratsak ematen hasi nintzen. Iaz, adibidez, Eduardo Martinezekin (zinemaldiko presidentea) harremanetan jarri, eta pare bat buelta eman genizkion. Azken erabakia duela 18 hilabete hartu genuen. Zaila izan da, gorabehera asko izan ditugulako, baina ekainean den-dena argi zegoen».

Guztira, 24 zinta eta ikus-entzunezko eskainiko dituzte zortzi egun horietan; hori bai, lehiatu, berez, 16 pelikula lehiatuko dira. Gainera, film horiek hainbat herrialdetatik ekarritakoak izango dira: Frantzia, Espainia, Mexiko, Alemania, Argentina, Austria, Belgika, Eskozia eta Italia. Eta, jakina, euskal produktuak ere izango dira ikusgai.

Zinemaldiko alma mater edo zuzendaria (errealizadorea ere bada) hara eta hona ibili da, zinemaldi batetik bestera, filmak ikusten eta Gasteizera zein ekarri aukeratzen. Aukeratzen esan dugu, lehen aldi honetan ez dute-eta deialdirik egin: «Ez dugu astirik izan. Hainbat zinemalditan ikusitako filmak ekarri ditugu. Hasi besterik ez da egin hau guztia. Mendizaleak bezala ibili gara: garrantzitsuena etxetik irtetea da. Nola edo hala atera behar genuen. Umil-umil, jakina; eta jendearen erantzuna ona izango dela espero dugu. Gasteizen zaletasun handia dago, eta Euskal Herria txikia da. Beraz, hona hurbiltzeko aitzakiarik ez dago».

Filmak eta gehiago

Arabako zinemaldira, emango dituzten pelikuletako protagonista ugari ere bertaratzekotan dira: Nicolas Favresse, Anatoly Moshkinov, Dave Brown, Evravd Wendebaum, Miyuke Okabe... Eta -berriro diogu-, jakina, euskal protagonistak ere bai: Patxi Usobiaga, Pou anaiak, Irati Anda, Xabier Alzola, Eneko Etxebarrieta, Alberto Zerain...

Hortaz, 16 pelikula lehian, 11 herrialde ezberdinetakoak, eta gaiei dagokienez, Baraiazarrak aurreratu digun legez, oso aukera zabala: «Beste zinemaldi batzuetan bezala, mendia edo alpinismoa ez da izango gai bakarra; ez horixe. Besteak beste, aukeran ditugu: parapentea, muturreko snowa, fikzioa eta piraguismoa. Mendi zein eskaladako jarduera ausartak ere ikusteko aukera izango da. Adibidez, Errusiatik Jannu, Everest eta K2n eginiko aktibitate ikusgarriak. Horrez gain, hainbestetan saritutako Wendenbaumen filma ekarri dugu. Horrela, bada, zinemaldi hau ez dago soilik mendizaleei begira; horretarako badaude mendi asteak. Ikusle batzuk mendizaleak izango dira; beste batzuk, aldiz ez. Gure helburuetariko bat jendearekin hartu-eman estua lortzea da».

Hiru sari banatuko dituzte Gasteizko zinemaldian: film onena, ingurumen gaiak ongien jorratzen dituena eta talde lana ongien islatzen duena. Bi erakustoki nagusi izango ditu zinemaldiak: Europa Biltzar Jauregia eta Artium museoa.

Jatorrizko bertsioan izango dira emanaldiak. Euskarak ere izango du bere lekua; izan ere, 22an eta 23an Artium Museoan eskainitakoak euskaraz entzungo dira. Aukeratu diren filmak izango dira protagonista, baina eskaintzeko gehiago ere badu zinemaldiak. Adibidez, Langraizeko espetxean zein hainbat ikastetxetan emanaldi bereziak antolatu dituzte. Eta hori gutxi ez eta, bi erakusketa zabalduko dituzte: Felix Iñurrategi-Baltistan Fundazioaren «Elkartasuna mendia bide» (15etik-20ra, Europa Biltzar Jauregia) eta Memorial Maria Luisa argazki lehiaketari lotutako «Mendiari begira 18 urtez» (abenduak 4-urtarrilak 16, Villasuso Jauregia).

Azkenik, eta sarrera kontuak aipatzearren, saio bakoitzeko 2 euro izango dira. Sarrerekin eginiko diru-bilketa Felix-Baltistan Fundazioari emango diote. Sarrerak Gasteizko Turismo Bulegoan lor daitezke, abenduaren 9tik 23ra (larunbat eta jaiegunak izan ezik), 10.00etatik 17.30era). Bestela, aretoko leihatilan ere bai, emanaldi egunean, saioa hasi baino ordubete lehenago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo