GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Ardi larruz jantzitako otsoak» diren argitaletxeak salatu ditu EHBEk Durangon

Ikastetxeei zuzendutako eguna izanik, EHBE Durangoko Azokan izan zen atzo: «Euskal Curriculuma garatzeko trabatzat» jo zituen Ibaizabal eta Giltza argitaletxeak, Edelvivesen eta Edeberen menpekoak direlako.

p023_f02.jpg

GARA |

Euskal Herriak Bere Eskola ekimena atzo Durangoko Azokan izan zen, ikastetxeei zuzendutako eguna izanik, euskal hezkuntza aldarrikatzeko. Azken urteetan Euskal Curriculumaren izaera zehazteko, eta aurtengo ekainean aurkeztu zenetik, hori garatzeko egiten ari den lana azpimarratu eta «aukerak eta trabak» badirela nabarmendu zut en ekimenaren ordezkariek. «Aukerak baliatu egin behar dira» baieztatu zuten, baina trabak ere aipatu nahi izan zituzten atzokoan: «Alde batetik espainiar eta frantziar legediak ditugu, Hezkuntza Sistema Nazionala garatzea eragozten dutenak; era berean, EAEn eta Nafarroan ezartzen diren dekretuak ditugu, espainiar legediaren jarraipena baino ez direnak; eta badira, azkenik, ardi larruz jan- tzitako otsoak: euskarazko izenak erabiltzen dituzten espainiar argitaletxeak».

Hala jo zituen Durangoko Azokan lekua duten Ibaizabal eta Giltza argitaletxeak, Edelvives eta Edebe espainiar etxeen menpekoak direla ohartaraziz. Beraz, euskal kultura eta hezkuntza zabaltzea helburu duen azokan sartzeko «euskal izena erabili izana» gaitzetsi zuen EHBEk. Ez omen dira Ibaizabal eta Giltza horrela diharduten bakarrak, baina EHBEren ustez, «horiek egiten dituzten testuliburuak espainiar curriculumaren kopia hutsak baino ez dira, eta azal gogorrarekin euskal kultura bailiran saltzen dizkigute Durangon».

Euskal Curriculumaren garapena «ukatzen duten milaka liburu erosten direla» nabarmendu zuten, eta beraz, traba hori ekiditeko, guztiok egin dezakegula zerbait jakinarazi zuten, esaterako, Durangoko Azokan: Bertan salmahaia duten Ibaizabal eta Giltza etxeei «ez erosi eta boikota egin». Atzokoan Azokan plazaratu zuten errealitate hori: Milaka eskuorri banatu zituzten, eta dei hori egiten zuen pankarta bat zabaldu zuten Landako egoitzaren kanpoaldean.

Desitxuratutako errealitatea

Bide batez, «Euskal Curriculum-aren alde zerbait egin» nahi izan zutenez, Petersen arabera irudikatutako munduko mapak banatu zituzten, horietan munduan zehar izan diren hezkuntza esperientziak agertzen dira. Mila ale banatu zituzten eta ekimenak helburu bikoitza izan zuela azaldu zuten EHBEko ordezkariek. Alde batetik, «gaur egun eskoletan ematen den munduaren ikuspegia desitxuratua» dela gaitzetsi nahi izan zuten, eta bestetik, «irtenbide bat eskaini eta mundua iraultzeko hezkuntzak duen balioa» goraipatu zuten.

EHBEk atzo Durangon ikasleen artean banatu zituen munduko mapetan Asiako hainbat herrialdek, Afrika osoak eta Hego Amerikak duten tamaina ikastetxeetan eta bestelako arloetan ohikoak diren irudikapenetakoa baino askoz ere handiagoa da. Horrekin batera, nabarmen txikiago agertzen dira Europa eta Ipar Amerika ere. Peters-en proiekzioa desitxuratze hori zuzentzen ahalegintzen da.

kultura arrotza

Euskal Curriculuma garatzeko egiten ari den lana ekarri zuen gogora EHBEk, eta helburu horren oztopo izanik, «euskal izenarekin espainiar curriculuma zabaltzea» gaitzetsi zuen. Ibaizabal eta Giltza argitaletxeak salatu eta horiei ez erosteko deia egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo