GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Haur izateko eskubidea, aldarri

Denbora azkar pasatzen da, gero, eta ohiturak eta jolas-moldeak are eta azkarrago aldatzen dira. Ez dira horrenbeste urte pasa; orduan ere baten batzuk bazituzten etxean eta bakar-jolasean aritzeko jostailuak, «makinitak», alegia, baina kale bazterrak genituen jostailurik ohiko eta maitatuenak. Nirean larunbatak ziren egunik zirraragarrienak. Armairuan pila bereizian nituen egun horretako jantziak, eskolara eramatekoen eta iganderako erreserbatutakoen alboan. Traketsenak, zaharrenak... ziren haiek, zikindu eta beldurrik gabe jolasteko aproposenak. Aiton-amonen baserri inguruan biltzen ginen lehengusuak, garaian garaiko jolasetan aritzeko, inguruak ezagutzeko, arratsaldea galduta emateko...

Asteburu luze honetan butakari neurria hartu diot, aspaldian bota gabeko orduak eman ditut telebista aurrean, patxadan, denbora galtzen; beti erlojuari apustua irabazten aritzea nekagarria delako. Gabonak bueltan, jostailu, joko eta makina bat tramankuluren iragarkiak ikusi ditut. Panpinak, urrunetik gidatu daitezkeen autoak... ordukoen parekoak dira, baina dezentez sofistikatuagoak. Nago gaur txikienek euren gurasoen jokoak ikusiko balituzte ez luketela inoiz pentsatuko horiekin horren ondo pasatzeko aukera zegoenik. Batera edo bestera, orduan edo orain, haurrek jolas.

Burutazio horiek guztiak buruan nituela, arnasa hartzen jarraitzeko behar duen transplanteari uko egin eta heriotzari parez pare aurre egin dion neskatila britainiarraren kasua, albistegietan. Bere azken ametsa egia bilakatu du, jolastoki handira joan eta hain gogoko duen pertsonaiari eman dio besarkada, irribarrea galdu gabe; izan ere, hiltzeko baino, bizitzeko, gozatzeko eta jolasteko duen eskubidea aldarrikatu du, gaixorik daramatzan zortzi urteak nahikoak izan zaizkiolako bizitzak ukatu dizkion jolasez jabetzeko eta galtzen jarraitu nahi ez duen horren garrantzia ulertzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo