GARA > Idatzia > > Kultura

Kronika | Bizkaiko bertsolari txapelketako finala

Milaka bertsozale elkartu zituen Barakaldon txapel baten aitzakiak

Horrela esan zigun azken bertsoan Igor Elortza txapeldunak. Durangarrak bosgarrenez jantzi zuen bere aburuz bertsozaleak elkartzeko aitzakia baino ez den txapela.

p050_f04_178x59_.jpg

Anartz BILBAO

Egun bat lehenago ospatu zen atzo Bilbon Santo Tomas (edo faltso Tomas) eguna eta milaka txapeldun ziren goizean Bizkaiko hiriburuko kaleetan. Milaka txapeldun txakolinak bertsolari bihurtuko zituenak eguerdia heldu orduko. Ondo berotuta beraz, eta giro ezin hobean, horietako bost mila elkartu ziren bazkalostean Barakaldon, batek baino jantziko ez zuen txapel handia gogoan.

Aretoa mukuru zen bost eta erdiak heldu orduko. Han hemenka, bertsolarien aldeko pankartak zintzilik. «Payatarrak buruz buruzkora» zihoen Xabi eta Frediren aldeko batek, «pausoz pauso ametsa errealitate. Aupa neskak!», Onintzaren aldekoaren ondoan zegoen beste batek. Oholtza hutsik zen, baina dena prest zegoen hitzordu handirako.

Zuriñe Iarrituk fin aurkeztu zuen saioa eta bertsolariak deitu zituen oholtzara, jendea dagoeneko orroka zen bitartean. Zozketak hala egokituta, errenkadan agertu ziren Fredi Paya (ukabila goian zuela), Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue, Xabi Paya, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Onintza Enbeita eta Arkaitz Estiballes. Zortzi bertsolari, bakoitzak bere lagun taldea zarataka zuela, kirol edo musika izar handien gisara.

Berrogeita hamar urte

Aurten berrogeita hamar urte betetzen zituen txapelketak, Euskaltzaindiak Bilboko Areatzan antolatu zuen lehena egin zenetik, eta omenaldi txiki gisa txapelketak egindako bidearen irudi hunkigarriak ikusi ahal izan genituen pantailan. Irudietan ziren atzo finala jokatu zuten asko ere, artean nerabeak ziren Unai eta Igor durangarrak kasu. Izan ere, ez da makala bertsolariek Bizkaian urteotan egindako bidea, Areatzatik Arriagara, antzokitik Euskaldunara eta jauregitik BEC erraldoira.

Halako batean, Bernardo Mandalunizek jarritako gaien inguruan hasi zen lehia, eta hasierako builari isiltasunak jan zion tokia. Tentsioa eta ikusmina nabari zen harmailetan, zaleen arreta ikaragarria zen eta aretoak berotasuna galdu zuen, hotz gelditu arte. Oholtzaren eskuinaldean txapela zegoen eskegita, eta hura gogoan, serio demonio, bota eta bota zebiltzan zortzi protagonistak.

Igor eta Unairen buruz burukoa bukatu arte ez zen iskanbila bueltatuko BECera. Lanak burututa, sari nagusia Igor Elortzak jaso zuen beste behin, Unai lagunmina txapeldunorde lagata. Hirugarren, Arkaitz (publikotik irrintzi bat bota zuen emakume batek, bere omenez) eta Iratxe laugarren. Onintza -harrituta- bosgarren eta Etxahun seigarren. Azken tokiak, Xabi eta Fredi anaientzako. Paiatarrek baina, ez dute txapelik behar txapelketa irabazteko. Horren ezberdin izanik ere plazagizon petoak ditugu biak ala biak, karisma handiko bertsolariak, eta nabarmentzekoa da zaleengan pizten duten grina. Atzo, pandero eta guzti, beraien koadrila zen zaratatsuena.

Oholtzan ziren hiru txapeldunez gain (Unai, Igor eta Xabi), beste hiru ere agertu ziren oholtzara, Lopategi, Enbeita eta Azpillaga (Jon, Jon eta Jon). Behin zegokionari txapela jantzita (bosgarren aldia du Igorrek!) giroa pil-pilean zela, zortzi bertsolarien agurrek momenturik hunkigarrienak utzi zizkiguten, agintariak txistuka eta presoen aldeko gomutak txaloka hartu zituen aretoan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo