GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Hator hator, neska etxera!

Geure bestak ospatzea kolonizazioari aurre egitea bilakatzen da, halaber. Eta gure zibilizazioan emakumezkoen zentraltasuna azpimarratzea ez da ongi gelditzeko pose bat, beste erresistentzia joera bat baizik

Badakit zer dioen kantak, baina nik aldatu nahi izan dut hitza, euskal preso politikoen artean gero eta emakumezko gehiago dagoelako eta, gutxiago ala gehiago izanik ere, hainbat formula gainditzeko tenorea aspaldi iritsi zitzaigulako. Ez al duzue uste?

Askotan, gure herriaren borroka aintzat hartzen dugularik, ez dugu emakumezkoen parte hartzea behar den moduan neurtzeko tresnarik. Izan ere, isilpean egin dute lan, ezkutuan, gerizan, izen ezagunen atzean edo. Euskarari dagokionez, adibidez, XXI. mendera iritsi izana pentsaezina da emakumezkoen irmotasuna aipatu gabe.

Garai batean, aspaldi, «zibilizatuek» harriduraz aipatzen zuten euskaldunen artean emakumezkoek zituzten askatasun eta protagonismoa. Baskoi gudarien artean, adibidez. Barbaroen gauzak ziren horiek. Zibilizazioaren ikuspegitik emakumezkoen leku naturala sukaldea zen/da, eta lanik egokiena umeen zaintza. Inbaditzaileei armak eskuetan aurre egitea ez zen zibilizatuen jokamoldea, jakina. Zibilizatuek ez zuten maite beren biktimen erresistentzia, are gutxiago emakumezkoek egiten zutelarik.

Baina horiek aspaldiko aferak dira. Geuk geure zibilizazioa genuen garaietakoak. Bitxia izanen zaie askori, baina Erdi Aroan ere nafar Erresuman emakumezkoek Europan inon ere aurkitzen ez ziren eskubideak zituzten. Garai batean, Euskal Herrian, aski zen emakumearen ahotsa ezkontza bat desegiteko, Elizakoak tartean sartu gabe! Eta gauza hauek dira aurrerabideak kendu zizkigunak.

Zertara datoz hausnarketa hauek? Gehiegizko jan-edanaldien ondorioa? Eguberri garaia da, kristautasunak lapurtu digun beste ikur bat. Batzuek uste dute festa hauek Corte Inglesek asmatu dituela, eta ez da egia. Horiek manipulatu eta zikindu dituzte, baina abenduaren 24-25 inguruko besta aspaldikoa da, neguaren besta, Olentzerorena, jainkorik behar ez duen jendearen besta. Hotzaren pean ere bizitzeko alaitasuna ospatzeko besta.

Elizak besta hauek debekatu nahi izan zituen, eta ezinezko gertatu zitzaiolarik, bereganatu nahi izan zituen. Jesusen jaiotza, honenbestez, dataz aldatu zuten, aspaldiko besta paganoaren datan jartzeko.

Geuk, Olentzerori kanta egiten diogularik, aspaldiko tradizioari eusten diogu. Inposatutako ereduak alde batera utzi eta geure nortasuna azpimarratzen dugu, munduko kide izateko era aunitz daudelako, eta denak eder eta errespetagarriak direlako, baina guk geurea dugu eta harro ospatu nahi dugu euskaldun izatea ez dela beste ezer izatea baino gehiago, baina guk zer eta euskaldun izan nahi dugu.

Euskaldunok, euskara dugunok, jainkorik ez baizik eta jainkosa zuen herrikoak. Mariren seme-alabak, bihotzaren taupada Corte Ingleseko parafernalian baino askoz ere errazago supeko enborrean aurkituko genuenok.

Bestak herriarenak dira. Herri bat kolonizatzea bestak kentzea ere bada. Geure bestak ospatzea kolonizazioari aurre egitea bilakatzen da, halaber. Eta gure zibilizazioan emakumezkoen zentraltasuna azpimarratzea ez da ongi gelditzeko pose bat, beste erresistentzia joera bat baizik. Hator etxera, neska! Garaia da!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo