GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

NBE edo balantzaren orratz manipulatua

Gazako sarraskiak bere horretan segitzen du munduko herritarren begi kezkatuen aurrean eta nazioarteko komunitatea delakoaren ezaxolakeriaren babesean. Atzo Israelek erasoak areagotu eta hainbat palestinar hil zituen Gazako zerrendan. Dagoeneko, abenduaren 23tik, ia mila hil ditu. Egunak aurrera joan ahala, Gazako zerrendako giza hondamendia gero eta «normalagotzat» jotzeko arriskua dago, Israelen jarrera aldarazteko ahalmena dutenek hartarako erakutsi duten borondaterik eza eskandalagarria ikusita. Eta Israelek erasoak gogortzen zituen bitartean, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moon Ekialde Hurbilera joan zen atzo, eskualdeko buruzagiekin Israelek eta Hamasek su-etena eta gatazkaren konponbidea negoziatzeko premiaz hitz egitera. Ban Ki-moonena mezu «sinple eta zuzena» da: borroka bertan behera utz dezatela, «bi aldeei» zuzenduta. Inbaditzaileari eta inbaditutakoari, alegia. Airez, itsasoz eta lurrez ospitaleak eta eskolak bonbardatzen dituenari eta suziriak jaurtiz erantzuten duenari. NBEren zalantzazko papera nahikoa nabarmen geratu zen Israelek erasoari ekin zionean, eta nabarmenago joan den asteko ebazpenari muzin eginda Israelek barregarri utzi zuenean. Beraz, Ban Ki-moon, ezinezko distantziakidetasun bat gorde nahian bi aldeak maila berean jarrita, nekez izan daiteke balantzaren orratza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo