GARA > Idatzia > > Kultura

Geroa, euskal antzerkigintza asmatu behar izan zuen taldea, Durangora itzuli da

Badira 30 urte Geroa antzerki taldeak lehen lan profesionala estreinatu zuenetik. Bada, bestalde, hamarkada luze bat taldeak oholtzak utzi zituenetik. Baina aitzakiak aitzakia, Durangok omenaldi bat zor ziola uste izan dute San Agustin kultur etxekoek eta urtarrila osoa emango dute Geroaren lana oroitarazten. Helburu horrekin erakusketa bat antolatu dute, eta taldekide ohiak Durangora gonbidatu dituzte, topaketa batean elkartzera eta euren antzezpenak eskaintzera.

p048_f01_148x96.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Urteak igaro dira Geroa taldea azkenengoz agertoki gainera igo zenetik; horrek ez du esan nahi, ordea, Durangoko San Agustin kultur etxekoek argi utzi nahi izan duten eran, taldea desagertu denik. Lanbidea asmatzeke zegoen une batean jaioa izanik, euskal antzerkigintza sortu behar izan zuten Geroako kideek eta, ondorioz, haien arrastoa egungo antzerkian sumatu daiteke, taldea osatu zuten antzezleak egun ere oholtzaren gainean ikusteaz gain.

«Geroa nortasunaren sinonimoa da. Gauza bi argi azaleratzen dira egindako ibilbidean: izaera edota idiosinkrasia eta antzerkia ulertzeko modua», esan dute Kultur Etxeko kideek eta, hori dela eta, omenaldi oso bat antolatu dute taldeak lehen lan profesionala estreinatu zuenetik 30 urte bete direla aitzakiatzat hartuz. Lehenik eta behin, taldea oroitarazteko, otsailaren 7ra arte antzokiko atarian euren ibilbideari errepaso egiten dion erakusketa bat ikusgai izango da. Gainera, bost antzezlanez osatutako ziklo bat antolatu dute, eta Geroako kideak eurak berriz antzezten ikusteko edota taldeak antzeztu izandako lanen emanaldi berriak aukera egongo da. Esate baterako, Alfonso Torregrosa taldekide ohia aurreko astean Durangora itzuli zen «Kanpillo o el corazón de la piedras» antzezlanarekin. Honek taldeko sorrera «zoramen zoragarri» bat izan zela gogorarazi zuen; «herriko lau lagun elkartu eta Euskal Herria osorik, goitik behera zeharkatzeari ekin genion furgoneta batean». Garai hartako zerbait nabarmendu behar izanez gero, egindako lana aipatzen du. «Lanbide bat asmatu behar genuen, dena egiteke zegoen, zirkuituak egin behar genituen... gainera orain badituzu gauza zehatzez arduratzen diren teknikariak, baina lehen denetatik egin behar genuen», azaldu zuen Torregrosak.

«Kaixo Aguirre» antzezlana 1979. urtean estreinatu aurretik, Durangoko auzoetatik ibiliak ziren testuak antzezten, 1967tik aurrera. Jende gaztea taldean sartuz joan ahala, talde finko bat lanean hasi zen, eta 1976rako antzerki tailerra sortu zuten, gerora, eredu gisa hartua izan dena, eta horrekin batera taldea profesionalizatzen joan zen. Hala iritsi zen aipatutako estreinaldia. Handik aurrera, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ez zioten emanaldiak eskaintzeari utzi, eta 1.500 saio egitera ere iritsi ziren. «Gu joaten ginen jendearengana; antzezlan batzuekin Euskal Herriko institutu gehienak bisitatu genituela uste dut; herriko frontoi denak ezagutzen genituen. Antzoki bat zapaltzea, hori ezohiko egoera zen. Egun, publikoa da antzerkiaren bila leku zehatzetara doana, baina, Geroarekin, gu geu ginen publikoarengana hurbiltzen ginenak», argitu zuen.

Eibarreko Jaialdian, 1997. urtean, Geroa taldea oholtza gainetik jaitsi zen, ekimena burututa zegoela sumatu eta kideek nork bere bidetik joan nahi izan zutelako. Esker onez jaso dute, Torregrosaren hitzetan, San Agustin kultur etxeak antolatutako omenaldia, «Durangora itzultzeko aukera paregabea da». Gainera egitasmoaren amaiera borobil gisa, Geroa taldean parte hartu izan zuten 100dik gora kideek berriro elkartzeko gonbidapena dute, otsailaren 7an egingo den topaketan. «Ilusio handiz bizi dugu une hori, egun, bakoitza non dagoen ikusteko aukera izango dugulako», aitortu du Torregrosak. Taldetik gogo biziz jaso dute Durangotik «zor zioten» omenaldi hau. Antolatzaileek arrazoiak argi dituzte: «Ametsa bizimolde eta ogibide bilakatzeko gai izan ziren».

 

ONDAREA

Ogibidea asmatu behar izan zuten. Horregatik agian, Geroaren lanak egun ere bizirik irauten duela ziurtatzen dute San Agustin kultur etxekoek. Hainbat taldekide ohi berriz bilduko dituzte, eta taldearen antzezlanak ere ikusi ahalko dira.

Zikloa

«Muerte accidental de un anarquista»: Suripanta Teatro, urtarrilak 17.

«Cyrano»: Gorakada, urtarrilak 18

«El ávaro»: Eureka, urtarrilak 14.

«Abraham y Samuel»: Karmakros, otsaiak 1.

PUBLIKO BILA

Taldearen sorrerako garaiko eta egungo egoerak alderatuz, taldekideek esan dute taldeak noranahi joaten zirela lehen publiko bila. Antzoki bat zapaltzea, egun hain ohikoa dena, apartekotzat zuten.

TOPAKETA

Otsailaren 7rako, 100dik gora kide ohiren arteko topaketa antolatu du Durangoko Kultur Etxeak. Taldekoa izandako Torregrosak ilusio handiz hartu du ekimena eta ahalik eta jende gehien elkartzea espero duela esan du.

Recuerdos de aquel sueño que convirtieron en profesión

Una de las partes del homenaje que desde el centro cultural San Agustin han organizado es la exposición que se encuentra a la entrada del teatro y que permanecerá ahí hasta el próximo 7 de febrero, día de encuentro entre los que formaron parte de Geroa. Además de carteles de las 19 obras que representaron, la muestra recoge diseño de vestuario, trajes, fotografías de aquellos años o material con el que formaron los escenarios. Asimismo, se recogen recortes de prensa que trasladan lo que el grupo fue en su momento. También hay alguna pantalla que reproduce obras representadas por Geroa. Todo ellos sirve para dar a conocer el grupo, aunque despierta la parte más emotiva de quienes formaron parte de él o quienes vivieron el momento. El ex componente Alfonso Torregrosa destaca «la añoranza» que sintió al ver la exposición. «El trabajo hecho por Arantza es precioso, que te devuelve una idea de tu recorrido profesional, vital y sentimental». I. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo