GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

«Allez les filles!», Itsasotik Barkoxera

Emazteen patu lazgarria, kazetan lerro izenburu nagusia irabazteko bizitza galdu behar izatea. Heriotza berria, eta paradoxa, zenbat garen jakiteko inkesta abian denean. Gure herrietan gertatzen diren biztanle galerak eta haziak neurtzen dituzte. Zifra andana, adinaren eta sexuaren araberako sailkapenak.

Estatu frantsesaren indar demografikoa bermatzen duten emakumeak, ordea, aterperik gabe. Heriotza guztiek ez dute gaitzespenik merezi. Estatistikak, ordea, aberkeriaren fanfarria jokoan jartzeko balio du.

Izan ere, bizitza ematen dutenek prekarizazio egoeran erortzeko aukera bikoitza dutela ez dute aipatzen. Alta, langile pobreen artean, gero eta emakume gehiago dago, bakarrik familia aurrera atera behar dutenen artean bete gabeko premiak etengabe hazten diren bitartean.

Emakumeok hiltzen gaituzte, labankadaz edo suaz, eta sarri indarkeriaren lagun mina bazterketa soziala da. Baina ezin dugu gure burua engainatu, ezberdintasunaren eta pobreziaren arteko zubi hertsia ez baita muturreko jazarpen egoeretara heltzeko bide bakarra.

Bazterkeria bulego dotoreetan entseatzen da, eredu ekonomiko, botere (ez) banaketa eta heziketa sistema kudeatzen dutenek ez dute SDFko estatusik. Ondo begiratzea komeni da ondorio faltsuetan ez erortzeko, baita erantzukizunak galdegiteko ere.

Kazetetako lerroburuak geureganatu behar ditugu, baina ez jendarteak ezarri duen konpetentzia eredu sabaia errepikatzeko, baizik eta irudi propioa sortzeko, gure itzala denboraren poderioz luzeago bilakatuz.

Emakumeak, harrabots gehiegi egin gabe, abian dira, itsasoaren olatuak eskalatzen; horra hor Pauline Ado hendaiarra, edo itsasoan lagun dituen emakume arraunlariak... Aspaldi erakutsi dute emakumeek «Belharra»ri itxaron gabe, olatu tipiek mugiarazten dutela urdin zabala.

Kostan zein lehorrean, demagun Barkoxetik abiatu ondoren gaur Eskiulan jokatuko den maskaradan. Etxahun elkarteak ahopeko iraultza bultzatu du. Eguberri bitartean Zuberoa zeharkatuko duen desfilea berrikuntza handiarekin dator. «Kestu» edo «buhame» tropeletara begiratuz gero, hantxe atzemango ditugu emakumeak. Zirikatzaile lanetan, historia berriaren jabe eginez, irriño batekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo