GARA > Idatzia > > Kirolak

Berezkoak

Buruz Buruko Txapelketa bigarren aldiz helduko da Pauera

Jon LEUNDA | BAIONA

Kurutxari eta Etxeto, txapela lortzeko faboritoen artean dauden bi pilotari sartuko dira gaur Berezkoen Buruz Buruko lehiaketan. Bi partida jokatuko dira, Pauen, 19.30etik aurrera. Bigarren aldiz jokatuko da txapelketa bateko neurketa bat Biarnoko hiriburuan.

Orain bi urte jokatu zen aurrez Pauen, eta orduan ere Bakarkako Txapelketako bi kanporaketa izan ziren, eta trinketa ia bete egin zenez, aurten berriro ere lehiaketa bertara eramatea erabaki dute antolatzaileek, iragan urtean Biarnorako paseoa Orthesera egin ostean.

Ikusmina piztuko duten partidak dira gaurkoak. Izan ere, lau pilotarietatik hiru faboritoen artean agertzen baitira. Hasteko, Kurutxari eta Lanbert lehiatuko dira. Azken honek joan den astean Alfaro menderatu zuen, eta berriro ere ezustea emateko prest agertuko da. Hala ere, Kurutxari pilotari arriskutsua da, eta ez du lan erraza izango bera gainditzea. Kurutxari aterako da irabazteko faborito. Garaitzen duenari, finalerdietako ligaxkan sartzeko kanporaketa bat faltako zaio, eta hura Sorhueten aurka jokatu beharko du.

Dena dela, erakargarriena bigarren kanporaketa da. Bertan Harizmendi eta Etxeto lehiatuko dira. Azken honek sekulako maila eman zuen Superprestigioan. Lehiaketa hau joko onarekin hasi ez bazuen ere, Ducassou kanporatu zuen.

Gaur, aurkari zaila izango du, Thierry Etxeto maila handikoa baita, eta helburuen artean du txapela lortzea. Superprestigioan ezin izan zuen parte hartu eskuetako arazoak zituela-eta, baina ongi prestatuta eta gogotsu agertu da gaurko norgehiagokarako.

Kanporaketako gakoetako bat Harizmendiren eskuetan egon daiteke. Aspeko pilotari ohiak eskuetako mina zuela amaitu zuen joan den asteko kanporaketa, eta gaurkorako ere erabat osatu gabe dago antza. Irabazten duenak Patrick Ozafrain izango du aurrez aurre.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo