GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Inkomunikaturik egotea zer den hobeto ulertzen dut orain»

p016_f01_39110.jpg

Lorea Zeziaga | Euskal iheslari politikoa

Gazterik ihes egin behar izan zuen sorterritik, Arrasatetik, azken urteotan Euskal Iheslari Polikoen Kolektiboko bozeramaile lanetan aritu den Lorea Zeziagak. Orain egun batzuk Polizia frantsesak atxilotu egin zuen; hiru egunez inkomunikaturik eduki ostean, kargurik gabe aske utzi zuten.

Arantxa MANTEROLA

Baionako komisarian hiru egun eta erdiz atxilotua izan zuten Arrasateko iheslari politikoa, eta galdeketa luze eta gogorrak pairatu zituen.

Norberaren larruan bizi izan ostean, hamaika aldiz salatu duen inkomunikazioa «pertsona birrintzeko erabiltzen den tortura mota» dela egiaztatu du. «Euskal Herriaren eta euskal herritarren aurkako errepresioaren zerrenda luzean» kokatzen du bere atxiloketa.

Nola gertatu zen atxiloketa?

Urtarrilaren 13an, goizeko 6.25ean nire etxeko atea jo zuten eta Levert epailearen auto bat erakutsiz atxilotua nengoela erran zidan Polizia frantsesak.

Nonbait, duela hiru urte erakunde armatuko ustezko bi kide atxilotu zituztelarik, nire etxeko telefonoa atzeman omen zietela aipatzen zen auto horretan. Hiru urte ondotik, horrek ekarri zuen nire atxiloketa. Jakinarazpena eginda, zazpi edo zortzi poliziak etxea miatu zuten hiru orduz, eta Baionako komisariara eraman ninduten gero.

Tratu egokia izan al zenuen?

Etxean nahiko zuzena izan zen. Nire eskubideak irakurri zizkidaten eta, lehen unean ez zizkidaten eskuburdinak jarri.

Osasun arazoak ditut eta gainera, atxilotu nindutenean gaixorik nintzen, tratamenduan, eta sendagilea deituko zutela esan zidaten.

Eta Baionako komisarian?

Komisariara eraman ostean, berehala ekin zioten galdeketari. Sendagileak hainbat botika hartzeko agindu zidan.

Ez dakit zenbat denbora iraun zuten ondorengo itaunketek, ez bainintzen ondo, eta gainera, ezin nuen ezer jan, dieta berezia egiten dudalako. Gauean ere ez nuen begirik bildu. Denbora osoan argia piztuta, begietara zuzenean. Ziegako baldintzak oso kaxkarrak ziren eta komisariako zaratak eta joan-etorriak ez zuten etenik izan. Sukarrarekin, dardarka eta izerdi batean igaro nuen gaua. Hurrengo egunean sendagilea etorri zen.

Galdeketak berriro, eta ni gero eta okerrago. Uste dut poliziek berek ohartzen zirela ez nintzela ondo, bi eskuak lotuak nituen eta min nuela esan nienean, bakarra lotu zidaten horman zegoen hodi batera. Familiak ekarritako janaria hartzen ere utzi zidaten, baina betiere galdekatzen segitzen zuten.

Zure osasun egoerak ez zituen galdeketak eragotzi?

Ez. Denbora horretan galdeketek ez zuten etenik izan.

Oso gogorrak izan dira hiru egunak. Milaka euskal herritarrek hainbeste urtetan jasan dutena jakinik ere, egoera hori bizi aurretik ez da benetan jakiten zer den. Atxilotuen kasu asko ezagutu ditut, lekukotasunak ere bai, baina neure larruan bizi izan dudanean, garbi esan nahi dut, orain badakidala zertarako erabiltzen duten inkomunikazioa. Tortura mota bat da, pertsona birrintzea helburu duena.

Kanporatzearekin mehatxurik egin al dizute?

Ez. Sarritan aipatzen zidaten bilatze eta atxilotze agindua zutela nire kontra, baina nik banekien hori gezurra zela, bere garaian preskripzioa jaso nuelako.

Presio gisa erabili zuten, mehatxu horrek niregan eraginik ez zuela ohartu ziren arte.

Iheslari politikoen kolektiboko kide gisa agertu izan zara hainbatetan. Atxiloketan, horrek zerikusia izan duela uste duzu?

Euskal Herriaren eta euskal herritarren aurka Estatu frantsesak erabiltzen duen errepresioaren barnean kokatzen dut.

Iheslariok publikoki azaldu dugu ez garela ez frantsesak ez espainolak. Gure naziotasuna aitortuta, Euskal Herrian bizi eta herri eraikuntzan aritzeko apustua egin dugu, eta oztopoak oztopo aurrera egiteko konpromiso irmoa dugu.

Euroagindua abian jarri zutenetik atxilotzeak areagotu dira.

Oker ez banaiz, hiru urteotan afera politiko ezberdinekin zerikusia zutelakoan, 60 euskal herritar eta gehiago atxilotu dituzte, eta horietako askori gerora euroagindua aplikatu zaie edo aplikatuko zaie.

Ni atxilotu ninduten egun berean beste iheslari bat atxilotu zuten eta astebete lehenago beste bat, biak euroaginduaren pean. Ezin dut aipatu gabe utzi duela aste batzuk, euskal herritar batek jasan duen bahiketa.

Sarritan, euskal herritarren aurka hartutako neurriak (kanporaketak, euroaginduak, estradizioak...) torturatuen aitorpenetan oinarritzen dira. Gainera, polizia frantsesek ondotxo dakite espainolek tortura erabiltzen dutela eta aho txikiarekin onartzen dute; komisariara joan zirenean, nire senideei aitortu zieten «Frantzian ez zituztela metodo horiek erabiltzen».

Hortaz, Estatu frantsesa buru-belarri sartua da errepresioan?

Argi dago Estatu frantsesak gure herrian jokatzen duen papera. Batetik, Euskal Herria ukatzen du, baina, bestetik, ustez berarentzat existitzen ez den zerbaiten aurka errepresioa erabiltzen du.

LOREA ZEZIAGA
EUSKAL IHESLARI POLITIKOA

Gazterik ihes egin behar izan zuen sorterritik, Arrasatetik, azken urteotan Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko bozeramaile lanetan aritu den Lorea Zeziagak. Orain egun batzuk Polizia frantsesak atxilotu egin zuen; hiru egunez inkomunikaturik eduki ostean, kargurik gabe aske utzi zuten.

ITAUNKETAK

«Ez dakit zenbat denbora iraun zuten itaunketek, ez bainintzen ondo, eta gainera ezin nuen ezer jan, dieta berezia baitut. Gauean ere ez nuen begirik bildu»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo