GARA > Idatzia > Kirolak > Eibar

DENBORALEA Kirolean ere eragina izan du

Nastic-Eibar, eperik gabe atzeratua

Eguraldiak Tarragonako kirol instalazioetan eragindako kalteen ondorioz, atzo jokatzekoa zen partida bertan behera geratu da.

GARA | TARRAGONA

Azken orduotan Iberiar Penintsula bete-betean jo duen denboraleak kirolean ere eragin zuzena izan du. Eta, noski, ez da onerako izan. Euskal futbol taldeei dagokienez, Eibarrek jasan zuen eguraldiaren ondoriorik okerrena: Tarragonan, 18.30ean Nastic eta armaginen artean jokatzekoa zen partida bertan behera geratu zen.

Tarragonako kirol zinegotziak jakinarazi zuenez, beste hainbat lekutan bezala, Nasticen futbol zelaiak ere, Nou Estadik, kalte ugari jasan zituen haize bolada gogorren ondorioz, eta nahiago izan zuten partida atzeratzea. «Hiriko kirol ekintza guztiak bertan behera utzi ditugu eta kirol instalazio guztiak ixtea erabaki dugu, baita teilatua dutenak ere. Nasticen zelaian kalteak nabariak izan dira. Hormaren bat erori da eta argi dorreek ere kalteak jasan dituzte. Ez dugu ezbeharrik gertatzerik nahi».

Eibarrek ez zuen eragozpenik jarri partida atzeratzeko. Oier Ortega taldeko zuzendari orokorrak aipatu zuenez, «hasieratik ados egon gara partida ez jokatzeko erabakiarekin». Carlos Pouso entrenatzaileak ere bat egin zuen erabakiarekin: «Goizetik ikusi dugu partida jokatzea arriskutsua izan zitekeela. Gero gainera, argi dorre bat erori egin da. Inori ez zaio gustatzen planak modu honetan aldatu behar izatea, baina zentzuzkoena zen ez jokatzea», esan zuen Radio Eibar irratiari eginiko adierazpenetan.

Noiz jokatu?

Behin partida atzeratzeko erabakia hartuta, neurketa gaur bertan jokatu edo beste egun baterako atzeratzea zen hartu beharreko erabakia. Eta hor zalantza gehiago izan zituzten Eibarreko jokalariek eta zuzendariek. Azkenean, eguraldiak hobera egingo zuenik inork ziurtatzen ez zuela ikusita, Euskal Herrira itzuli eta norgehiagoka beste egun batean jokatzea erabaki zuten gipuzkoarrek.

«Igandean ez jokatzea erabaki dugu inork ez zigulako ziurtatzen eguraldiak hobera egingo zuenik eta jokatzeko aukera izango genuenik», adierazi zuen Oier Ortegak. Taldeak ere zer esan handia izan zuen erabakian. «Behin honaino etorrita, nahiago genuen jokatu, nahiz eta egun bat beranduago izan. Baina inork ez zigun bermatzen igandean jokatzeko aukera izango genuenik, eta ez geneukan hemen beste 24 ordu igarotzeko batere gogorik, horrek dakartzan gastu guztiekin, eta gero, agian, jokatu gabe itzuli behar izateko», argitu zuen Pousok.

Baina bada egoera oraindik gehiago zailtzen duen kontu bat. Araudiak dioenez, ligako lehen itzulian atzeratzen diren partida guztiak bigarren itzulia hasi aurretik jokatu behar dira. Kasu honetan, eta Nasticen aurkakoa lehen itzuliko azken partida zela kontuan hartuta, partida datorren asteburua iritsi aurretik jokatu beharko litzateke, aste barruan.

Horri buruz galdetzean, Oier Ortegak zalantzati erantzun zuen: «Ez dakigu zehatz-mehatz. Federazioarekin hitz egin dugu horren gainean, baina oraindik ez digute erantzun. Azkenean astean zehar jokatu beharko bagenu, asteazkena izan daiteke egunik onena. Baina guztion artean akordio batera iritsi arte ezin dugu ezer aurreratu».

Horrenbestez, taldeak atzo arratsaldean bertan hartu zuen autobusa, atzera Eibarrera itzuli eta hurrengo partida prestatzen hasteko. Ikusi beharko da Nasticen aurkakoa, ala Elxen kontrakoa izango den.

KALTEAK

Nasticen zelaiak ere kalte nabarmenak jasan zituen. Nou Estadiko horma bat erori egin zen eta argi dorre batean ere kalteak izan ziren. Eguraldiak hobera egingo duela ziurtatu ezin denez, partida gaur ez jokatzea erabaki zuten bi taldeek.

ARAUDIA

Araudiak dioenez lehen itzulian atzeratzen diren partidak bigarren itzulia hasi baino lehenago jokatu behar dira. Bigarren itzulia datorren asteburuan hasiko denez, federazioak erabaki beharko du neurketa aste barruan jokatu ala ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo