GARA > Idatzia > Kirolak > Saskibaloia

Batzuk bolada onean bete-betean sartuta, besteak bolada on horren bila

Koldo AKORDARREMENTERIA | GASTEIZ

Beste bi euskal taldek gaur goizean jokatuko dituzte hogeigarren jardunaldiko partidak, baina animo aldetik oso egoera desberdinean. Iurbentiak Manresa hartuko du etxean (12.30), eta Bruesak Vistalegren jokatu beharko du Real Madrilen aurka (12.30, ETB-1).

Saskibaloia bolada kontua izaten da, eta igaro berri den asteak txanponaren bi aldeak erakutsi ditu, bata Iurbentiari, bestea Bruesari. Duela astebete bi taldeek puntu kopuru bera zuten sailkapenean; gaur, ordea, bilbotarrek bi puntuko aldea dute donostiarrekiko.

Txus Vidorretaren mutilek, lau egunetan bi neurketa irabazi ostean, arnasa hartu eta jauzi polita eman dute taulan. Badirudi, gainera, aukera ederra dutela gaur ere bolada on horri eusteko, bi arrazoirengatik: batetik, Manresak asteazkenean sekulako egurra jaso zuen Baskoniaren aurka (68-99), horrek dakarren etsipen guztiarekin; eta bestetik, kataluniarrek sekula ez dute irabazi partidarik La Casillan.

Txanponaren ifrentzuan, eta gauzak guztiz gaizki egin gabe, gipuzkoarrak daude. Igandean Bartzelonaren aurka galdu ostean eta astean zehar atseden eguna izanda, larregi hurbildu dira taulako amildegira. Ez dirudi gaurkoa guztiz samurra izango denik. Real Madrilek partidu bakarra galdu du denboraldi osoan etxean -Cajasolen aurka 109-116-, eta sasoi onera iristen ari direla dirudi. Baina Lasok itxaropentsu esan du «dinamika aldatzeko» baliagarri izan daitekeela partida.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo