GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Esaten dena bezain garrantzitsua da prentsan isiltzen dena»

p013_f02_046x067.jpg

Maria Jesus Korkostegi Aranguren
Deustuko Unibertsitateko irakaslea

Egun Ordizian bizi den arren, Oñatin jaio zen Maria Jesus Korkostegi, 1959an. Hispaniar Filologian doktoratua da eta 1984 geroztik Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean ematen ditu eskolak. Bitartean hizkuntzalaritzaren gaineko hainbat ikerketa lan ere egin ditu. 2003an «Generoa eta Hedabideak» ikerketa taldea sortu zutenetik, generoarekin lotutako gaiak lantzen dihardu.

Janire ARRONDO |

Duela sei-zazpi urte inguru «Generoa eta Hedabideak» ikerketa taldea sortu zuten Deustuko Unibertsitateko irakasle batzuek. Helburua, emakumearen gaineko gaiak lantzea zuten.

Emakumea «agente sozial» gisa aztertzen dihardute azken boladan, eta horren emaitza izan da Asuncion Ibañez, Lorea Narbaiza, Maria Jesus Pando, Maria Pilar Rodriguez, Begoña Sanz eta Maria Jesus Korkostegik berak egin duten «Dirigir en femenino» lana.

Sei hilabetez Estatu espainoleko «El Mundo» eta «El País» eta Euskal Herriko «Diario Vasco» eta GARA gai orokorretako egunkariak, «Cinco Días» eta «Expansión» ekonomikoak eta emakumeei zuzendutako «Mujer Hoy» eta «Yo Dona» aztertu dituzte.

Nolakoa da emakumeak lan merkatuan bizi duen egoera?

Datuen arabera, oraindik larriak dira emakume eta gizonezkoen arteko ezberdintasunak. Gero eta gehiago dira lan merkatuan sartzen ari diren emakumeak, baina, gutxi dira enpresetako goi karguetara iristen direnak.

Hala ere, berdintasunerako bidean pauso handiak ematen ari dira, gero eta gehiago baitira goi karguetara iristen direnak, enpresa bat sortzeko gai direnak eta goi mailako ikasketak egiten dituztenak.

Zertan nabaritzen dira aginte karguetan izaten diren ezberdintasunak?

2007an, ikerketa baten emaitzen arabera, zuzendaritza lanpostuetan zegoen emakume kopurua %24,9 besterik ez zen Estatu espainolean. Halaber, emakumeen soldatak ere baxuagoak dira hainbat enpresatan. Atera dezakegun ondorioa da, lan merkatuan zenbat eta lanpostua maila altuagokoa izan, orduan eta txikiagoa dela emakumeen presentzia.

Duela 20 urte sortu zen «kristalezko sabaia» metafora egokia da emakumeak goi karguetara iristeko duen zailtasuna azaltzeko. Izan ere, goi karguak begizta ditzakete, baina, lortu ez.

Zein oztoporekin egiten dute topo emakumeek gehienbat?

Bi oztopo dira larrienak; batetik, familiaren pisua emakumeek hartzea eta, bestetik, gizarteak emakumeei aginte postu batean egoteko gizonei baino gehiago eskatzea.

Hori gainditzeko egin beharrekoa argi dago. Batetik, laneko bizitza eta familia bateragarri egiteko beharrezko diren neurriak hartu behar dira eta, bestetik, emakumeak gizonezkoen trataera bera izan behar du lan merkatuan.

Emakumearen errealitatea prentsan nola jasotzen den aztertzen aritu zarete. Zenbaterainoko eragina du prentsak gai honetan?

Prentsan agertzen diren informazioak aztertzea beharrezkoa da, hedabideek eragin handia baitute gizartean. Jendeak errealitateri buruz duen informazioaren zati handia komunikabideen bidez jasotzen du.

Guk aztertu ditugun egunkari eta aldizkarietan, orokorrean behintzat, emakumeen gaia tratatzean «arduraz» jokatzen dutela nabaria da, eta modu batean edo bestean denak saiatzen dira ahalik eta egokien egiten, beti lortzen ez badute ere.

Zeren arabera azaleratu edo ezkutatzen dira emakumearen inguruko gaiak prentsan?

Prentsa homogeneoa ez denez, saiatu gara era askotako publikazioak aztertzen. Informazio orokorreko lau egunkari hartu ditugu, bi Estatu espainolekoak eta bi Euskal Herrikoak, bi egunkari ekonomiko eta emakumeei zuzendutako beste bi aldizkari.

Errealitate informatiboa eraikitzeko orduan, eragin handia du ildo editorialak eta publiko objektiboa edo hartzaileak zeintzuk diren. Horrek zeri buruz informatu edo gaiak nola tratatu erabakitzerakoan eragina du.

Esaten dena isiltzen dena bezain garrantzitsua da, eta, dudarik gabe, egunkariek, beren interesen arabera, gai batzuk azaleratu eta beste batzuk isiltzen dituzte.

Aztertutako egunkarien artean ezberdintasun nabarmenak daudela ondorioztatu duzue. Nolakoak dira batetik bestera antzeman daitezkeen ezberdintasun horiek?

Kontuan izan behar dugu egunkari bakoitzaren esku dagoela zein informazio mota eman eta nola eman. Informazio orokorreko zein ekonomiari buruzko hainbat egunkariri, bereziki interesatzen zaie emakumea protagonista gisa azaltzea.

Bestetik, badago lan munduan emakumeen egoera tratatzeko beste modu bat: emakumea talde bateko partaide gisa. Hemen, GARA da gainerakoengandik bereizten dena, emakume langileen arazoak eta lan merkatuan dagoen diskriminazioa gai iraunkorra da bertan.

Zer hobetzen du «femeninoan zuzentzeak»?

Behin baino gehiagotan egin diot galdera hori nire buruari. Gogora datorkit Virginia Woolfek «A room of her's own» (Norbere gela) liburuan Jane Austin eta Emily Brontëri buruz komentatu zuena, alegia, beren lorpen handiena emakume gisa idaztea izan zela, eta ez gizonezko gisa. Gizonezkoen aholku edo aginduei ere ez zien kasurik egin, beste askok ez bezala. Badakigu hortaz, zer ez den egin behar egungo egoera hobetu nahi bada.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo