GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Binakako Txapelketako zazpigarren jardunaldia

Balantzaren alde batean beruna eta bestean lastoa

Sinestezina badirudi ere, txapelketako bikote guztiek dituzte oraindik hurrengo fasera sailkatzeko aukerak.

Olaizolaii - Zearra 8

Irujo - Goñi iii 22

Koldo AKORDARREMENTERIA | DONOSTIA

Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujok indarrak neurtzen dituzten guztietan pizten diren itxaropenak altuak izaten dira, eta azken neurketetan bizitako emozioak atzoko neurketa gogoratzeko modukoa izan zitekeela pentsarazi zien askori. Baina inondik ere ez; memorian gordetzekoa baino, gure disko gogorretik ahalik eta arinen ezabatzeko moduko lehia izan zen.

Orekarik gabeko balantza izan zen. Aimar Olaizola -partida hasi aurretik gerri partean ziztada bat sentitu zuela esan zuen- eta Oier Zearra hotz atera ziren, zer egin ongi jakin gabe. Irujok, beste munduko ezer ere egin gabe, erraz egiten zituen tantoak eta, begiak kliskatzerako, markagailuak edozeinen morala lurretik botatzeko moduko markagailua erakusten zuen: 1-9.

Irujok eta Olaizolak euren baitan biltzen dituzten ezaugarriak elkartrukatu zituzten atzo. Iberokoak zentzuz jokatu zuen, azeleraziorik gabe, jokoa dosifikatuz, eta aukera egokienak hautatuz. Bitartean, goizuetarra galduta ibili zen, pilota ezin gozaturik -ziztadak ere eragozpenak sortu zizkion-; gainera, atzokoan ez zuen erakutsi normalean izan ohi duen jarrera erasotzailea. Horiek horrela, Irujok eta Goñik oso erraz lortzen zituzten tantoak, eta gauza handirik egin gabe, petrolioa ateratzen zuen ia jokaldi guztietatik.

Txanponaren ifrentzuan bikote gorria zegoen. Urdinek sekulako defentsa erakutsi zuten; 2-9ko tantoa izan zen Aimarrek eta Zearrak tantoak lortzeko zuten ezintasunaren erakusle garbia. Kintze ikusgarria izan zen. Olaizolak gantxo bizia egin zuen lehendabizi, eta Irujok ozta-ozta altxatu zuen. Pilota goizuetarrari heldu zitzaion berriro eta txokoan utzi zuen goxo; baina han zen berriz Iberokoa. Aimarrek -desesperazio puntu batekin- beste gantxo bizi bat egin zuen zabalera, baina han zen oraingoan Fernando Goñi. Tantoa azkenean Irujoren akats batek gorriengana bideratu zuen, baina odola gogotik bota ostean.

Gauzak ez ziren asko aldatu handik eta bukaerara arte. Irujok martxa berean jarraitu zuen, eta kolore guztietako tantoak egin zituen; dejadaz, gantxoz, besagainez... Horri Goñiren laguntza eraginkorra gehitu zitzaion -ez zuen hutsik egin Zubiriko atzelariak- eta aise heldu ziren 22. tantora. Horrenbestez, bikote nafarrak sailkapen nagusiko lehen postua lortu du.

Aimar, emandako itxura kaskarra arintzeko asmoz, baikortasun puntu batez agertu zen partida bukaeran. «Oraindik gure eskuan dugu sailkapena, eta hurrengorako Mendizabal prest egotea espero dut», esan zuen goizuetarrak. Irujo, ordea, pozik baina zuhur mintzatu zen. «Oso ondo jokatu dugu, baina ezin gara erlaxatu. Izan ere, gauzak ez dira azken uneraino erabakiko», abisatu zuen aurrelariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo