GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kontseiluak atxikimendua agertu dio laster abiatuko den Korrika 16ri

Kontseiluak bere atxikimendua adierazi zion atzo Korrika 16ri, Gipuzkoako AEKren egoitzan eginiko agerraldian. Bertan, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak nabarmendu zuen kanpotik etorritakoak gure inguruan euskaraz txertatu direla ikustea «oso eragingarria» dela. Bestalde, Edurne Brouard Korrika 16ko arduradunak adierazi zuenez, «Kontseiluak bere atxikimendua adierazteak gure mezua indartzen du».

p021_f01_84872.jpg

GARA |

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko kideek atxikimendua eta babesa agertu zioten martxoaren 26an Tuteran hasi eta apirilaren 5ean Gasteizen amaituko den Korrika 16ri. AEKren Donostiako egoitzan atzo goizean eginiko agerraldian bildu ziren Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendiguren eta Kontseiluko Kohesio arduradun Urko Aierbe alde batetik, eta Korrika 16ren arduradun Edurne Brouard eta AEKren Artezkaritza Kontseiluko kide Oskar Elizburu, bestetik.

«Mezu eraginkorra»

Agerraldian Korrika 16ren «Ongi etorri!» leloaren «egokitasuna» nabarmendu nahi izan zuen Xabier Mendigurenek. Idazkari nagusiaren hitzetan, «mezu interesgarri asko ditu `Ongi etorri' horrek bere barnean». Lelo horren bidez, «urrunetik nahiz hurbiletik datozenei egiten zaie ongietorria», azaldu zuen Mendigurenek; gainera, «kanpotik etorritakoak gure inguruan euskaraz txertatu direla ikustea oso eragingarria izan daiteke» aipatu zuen.

Era berean, Korrika 16ri arrakasta handia opa diotela adierazi nahi izan zioten AEKri Kontseiluko kideek.

Edurne Brouardek, aurtengo Korrikaren arduradunak, bestalde, Mendigurenen hitzak eta Kontseiluak emandako atxikimendua eskertu zituen AEK osoaren izenean. Ekimenaren arduradunak Kontseiluaren babesa izatea «garrantzitsua» dela nabarmendu zuen agerraldian. Brouarden hitzetan, «Korrikan ohituta gaude kanpoko sektoreren bat datorrenean hori goraipatzen, eta berriak etortzea eskergarria da, baina betikoen fideltasuna mantentzea ere garrantzitsua da».

Amaitzeko, «Kontseiluak Korrika 16ri emandako atxikimenduak gure mezua indartzen du», azaldu zuen Brouardek.

Trabak Korrika Txikiari

Castejonen, bestalde, Korrika Txikia egiteko Udalak oztopoak jarri izana salatu zuten asteburuan. Izan ere, herriko Laubide kultur elkarteak salatu zuenez, Korrika 16 ekimenaren testuinguruan martxoaren 14rako aurreikusia zuten Korrika Txikia jaia ospatzeko beharrezko baimena eskatu zutenean, Castejongo alkate Francisco Javier Sanzek (PSN) 6.000 euroko bermea jarri zuen baldintza gisan.

Baldintza hori jarri izana «kulturaren isilpeko pribatizazioaren adibide argia da», Kultur Elkarteko kideen hitzetan.

Castejongo Udalak Laubideri urtean 900 euroko laguntza ematen diola kontuan izanda, «diru kopuru hori ordaintzea ezinezko zaigu», adierazi zuten Elkarteko kideek. Era berean, gertatutakoaren harira, «doako kultur ekitaldiak antolatzen ditugun elkarteei abalak eskatzearen kontrako iritzia» agertu zuten.

Bestalde, Castejongo Udalak kultur ekitaldiei horrelako baldintzak jartzea, «herri parte-hartzea pentsamendu ekonomizista batetik ulertzeko modu bat besterik ez da» salatu zuten Laubideko kideek.

ERAGINKORRA

«Mezu interesgarri asko ditu `Ongi etorri' leloak bere baitan, urrunetik nahiz hurbiletik datozenei egiten baitzaie ongietorria» argitu zuen atzo Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek.

KORRIKA TXIKIA

Herrian jaia ospatzeko baimena eskuratzeko Castejongo Udalak 6.000 euroko bermea ordaintzeko eskatu izanak, «kulturaren isilpeko pribatizazioa» azaleratzen duela salatu zuten Laubide kultur elkarteko kideek.

Denetariko ekitaldiak izango dituzte Donostiako Korrikan

Iragan ostegunean aurkeztu zituzten Donostian, Korrika 16 ekimenaren inguruan lehen aldiz Kilometroak jaiaren eta Korrikaren antolatzaileek elkarlanean antolatutako ekitaldiak. 50 lagun inguru bildu ziren Doka Kafe Antzokian, tartean AEK-ko, Kontseiluko, Zurriola ikastolako, ezker abertzaleko eta Aralarko ordezkariak.

Donostiako Korrikaren arduradun Ion Aresok, AEK-ko Aurkene Urrusolok eta Kilometroak-eko arduradun Igor Elortzak egindako agerraldian, «Ongi etorri» mezuaren nondik norakoak agertzeaz gain, Korrika 16ren inguruan antolatutako Korrika kulturaleko ekitaldiak aurkeztu zituzten. Bihartik hasi eta Korrika iritsi bitarte, hitzaldiak, dantzaldiak, kantu-jirak, umeentzako jolasak, bertsolariak, mus txapelketak zein musika kontzertuak soberan izango dira Donostiako hainbat auzotan.

Hain zuzen ere, martxoaren 28an iritsiko da Korrika 16 Donostiara. Martutenetik sartu, 22.30ak pasatxo, eta Amaratik barrena iritsiko da erdigunera, Antiguatik bira egin ondoren, hiriko Alde Zaharrera joango dira eta handik Gros auzoa zeharkatuz Egia, Itxaurrondo, Herrera eta Altzatik barrena, jarraituko du Korrikak Pasai Antxo aldera. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo