GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Joseba Etxeberria, Imanol Manterola, Juan Mari Martija, Jose Luis Aizpurua eta Jon Manterola *

Bederatzi kaleratze Zumaiako Mendiaraizen

Azken hiru hilabeteetan izan diren gertakariak direla-eta, Zumaiako Mendiaraiz enpresako langileok gertaera horiekiko gure desadostasuna azaldu nahi dugu.

Orain dela hiru hilabete, Mendiaraizko zuzendaritzak (Shanti Calleja buru duela) lau langile finkoren kontratuak eteteko erabakiaren berri eman zien enpresa batzordeko kideei. Artean, enpresako langile guztiok lanean jarraitzen genuen, ez baitzegoen lan faltarik; hori dela-eta, batzordekideek negoziazioei ekitea proposatu zioten enpresari, guztien artean egoera hori saihesten ahalegintzeko.

Enpresak eskaera onartu eta, negoziazioek iraun bitartean, langilerik ez botatzeko konpromisoa hartu zuen; gerenteak, ordea, ez zuen bere hitza bete, eta, ezustean, lau langile hauek kaleratu zituen.

Langileok batzartu ostean, zuzendaritzari bilkura bat egitea eskatu genion; gainera, bilkura hartan sindikatuko liberatuen eta ekonomialarien aholkularitza izatea proposatu zen, enpresaren benetako egoera argitu ahal izateko.

Aurreko aldian bezala, enpresak eskaera onartu eta bilkura egiteko konpromisoa hartu zuen; alabaina, langileok bilkuraren eguna noiz jarriko zain geundela, gerenteak enpresa batzordeko kideei deitu zien beste bost langile finko kaleratuko zituztela jakinarazteko. Kaleratze horien aurreabisuan, gainera, ez zuten zehaztu noiz eta nola egingo ziren; normalena eta duinena kaleratu baino hilabete lehenago jakinaraztea da (horrela gertatu zen lehen aipatutako kasuan).

Hala eta guztiz ere, bost langile horiek oso modu desegokian kaleratu zituzten, ostiral batean jakinarazi baitzieten kalera bidaliko zituztela, eta, hurrengo astelehenean, jada kalean baitzeuden («legezko» agiriak bete eta gero). Ez diete duintasunez agurtzeko aukerarik ere eman, nahiz eta langile horietako batzuek bederatzi urte baino gehiago zeramatzaten lanean.

Hori guztia dela-eta, Mendiaraizko langileok egoera hori salatu nahi dugu, enpresaren egoera dena delakoa izanda ere, erakusten ari diren jarrera onartezina eta lotsagabea baita; izan ere, argi geratu denez, zuzendaritzatik une oro gezurretan ari zaizkigu.

Guk errespetuz trata gaitzaten baino ez dugu eskatzen, enpresaren egoera txarra izanez gero, ez baikenuke enpresaren aurka egingo; are gehiago, beti egon gera enpresarekin edozer gauza negoziatzeko prest, baita enplegua erregulatzeko espediente bat onartzeko ere.

* Mendiaraizko langile batzordeko kideak, langileen izenean

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo