GARA > Idatzia > > Ekonomia

Premiazko baliabideak lortuta, Baionako Larrialdietako langileek greba utzi dute

Arantxa MANTEROLA |

Baionako erietxeko larrialdietako langileak otsailaren 9an hasitako greba amaitu dute, zuzendaritzarekin gutxieneko akordioa erdietsi ostean.

Beren lana behar adinako berme eta segurtasunarekin egitea ezinezko zutela-eta hamaika bider eskatutako baliabideak -batez ere, langile-kopuruari eta arreta eta zerbitzu bereziei zegozkienak- ematen ez zitzaizkielako deliberatu zuten greba egitea.

Alta, gutxieneko zerbitzuak derrigorrez bete beharra dutela-eta, ez dute beren lan txanda uzterik izan eta, lan orduetatik kanpo, hainbat mobilizazio egin dituzte azken hilabete honetan. Tarte horretan Ospitaleko zuzendari Angel Piquemallerekin bilkurak izan dituzte, baina hark proposamen zehatz bat aurkeztu ez duen arte ez dute protesta bertan behera utzi.

Lau atal

Hitzartutakoa lau puntutan laburbiltzen da. Lehenik, hiru lanpostu berri izango dituzte (bi erizainenak eta andazain bat). Bigarrenik, jarduera hobetzeko bitartekoak berrantolatuko dira; horrela, BAM (barruko mediku egoiliar) sendagilearekin batera, beste sendagile bat izan beharko da, ezinbestean. Gaixoen harrerarako, berriz, beti sendagile bat izan beharko da erizainaren alboan. Eta, azkenik, antolamenduan eta funtzionamenduan hobekuntzak egingo dituzte; esaterako, Larrialdietan erietxeko zenbait zerbitzu espezializatuetako langileen presentzia bermatzea.

Langileen ordezkari Yann Berryk adierazi du akordioak beren proposamen guztiak jaso ez dituen arren, hitzartutako lanpostu berriak eta agindu dieten berrantolaketa orokor hori abian jartzen diren «adi jarraituko» dutela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo