GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Amaraunean nahaspilatu baino, herri gisa ageri

Proposamen ausartak egiteko eskaera egin zion Nicolas Sarkozyk lurralde antolaketaren erreformaz arduratzen den batzordeari. Horren buruak, Edouard Balladurrek, hilabete luzez esker-eskuin negoziatu ostean, bere zirriborroa aurkeztu zion atzo. Gobernuak hartuko du bere gain heldu den udazkenean Legebiltzarraren onespena bilatuko duen legea idazteko ardura. Hots, administrazio karta berria marrazteko fasea zabaltzen da orain. Mapa horretan eskualdeak, makrohiriak eta herri-arteko erakundeak nagusituko lirateke. Balladurrek horrela aitortu ez badu ere, herri zein departamenduen izarra itzaltzear dagoela sumatu daiteke. Izan ere, Parisek kartografia berria arazo zaharrak estaltzeko baliatuko duela pentsatzeko arrazoiak badira. Garai batean zaldun baten laguntzaz marraztu omen zituzten tokiko mugak... AHT bezalako azpiegitura azkarren mendean, aldiz, antolaketa egokitzeko beharra sentitu omen du Parisek. Euro-teknokraziaren aginduetara, demokrazia sakondu beharrean erabakigune urrun eta ilunak ekarriko ditu erreformak.

Etxetik begiratura, lehen ukatu eta orain, aldiz, guztiz indargabetu du Estatuak euskal departamenduaren eskakizuna. Gauzak horrela, agian tenorea iritsi da, herri aitortza eta ezagutza instituzionalaren aldarria loratzeko bidean, udaberri politikoa prestatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo