GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Binakako Txapelketa

Neguko giro peto-petoa Astelenako aukeraketan

Elurrak eta hotzak eragina izan zuten pilotariak pozik utzi zituen hitzorduan.

p029_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Atzo Euskal Herriko errepideetan aurrera eta atzera ibili behar izan zuten gidari guztiek ongi asko dakitenez, negu giro peto-petoa izan genuen lurralde osoan. Elurrak, kazkabarrak eta haize indartsuak arazo ugari sortu zituen hainbat lekutan eta Eibarren iganderako pilotak aukeratu behar zituzten pilotariek ere jasan zituzten, noski, eguraldiaren erauntsiak.

Hasteko, Martinez de Irujok eta Fernando Goñik ezin izan zuten garaiz heldu Astelena pilotalekura. Bengoetxea VI.a eta Beloki zeuden haien zain bertan. Sakana aldean denbora askotxo zain egon behar izan zuten elurraren erruz eta material aukeraketara berandu iritsi ziren azkenean. Ondoren, gainera, hotzaren erruz edo, saskian zegoen pilota bat zartatu egin zen eta beste bat jarri behar izan zuten haren ordez.

Hala ere, eta pozgarriena hori da, pilotariek nahiko pozik amaitu zuten aurkitutako pilotekin eta, aurreko astean ez bezala, inor ez zen kexatu. «Zalantzarik ez dago, gaurko materiala aurreko astean zegoena baino askoz hobea da», esan zuen aurreko astean horren haserre amaitu zuen Goñi III.ak.

Ez da nolanahiko partida izango, irabazlea ia-ia finalerako sailkatuta egongo baita. Ligaxkako bi neurketak irabazi arren, Irujo ez da aurkariaz fio: «Hutsetik hasi behar dugu. Aurreko bi norgehiagokak xehetasun txikietan erabaki ziren».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo