GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Inazio Agirre Arregi Ezker abertzaleko kidea

Jauzi kualitatiboa

Euskal Herrian, autodeterminazio prozesurik gabe ez dago demokraziarik, ez hizkuntz normalkuntzarik. Kontua da, nahitaezko batasun akordioa egitea eta jauzi kualitatiboa antolatzea, epe ertainean eraso politikora jotzeko eta prozesua gidatzeko, euskaldun eleaniztunezko Euskal Herri euskalduna eraikitzeko

Unescok ohartarazi digu: munduko 6.000 hizkuntzatik 2.500 galtzeko arriskuan daude; eta horietako bat euskara da. Munduko sistema politikoak, ordea, ez du hizkuntza horiek babesteko politika eraginkorrik, hizkuntz aniztasuna bermatzeko legeriarik. «Glotofagia» testuinguru horretan, Frantziak eta Espainiak euskara galtzeko eta mugatzeko politika egiten jarraitzen dute; euskararen hizkuntz politika nazionala eta burujabea debekatzen; euren estatu-hizkuntzen kolonialismoa eragiten, euskararen lekuan espainiera eta frantsesa aldatzeko, euskal herritar guztiei euskararen osotasuna eragozteko bere lurraldean.

Jarrera horrek munduko pertsonen, hizkuntzen eta herrien arteko berdintasuna urratzen du. Baina gure klase politikoak, euskal nazioa ukatzen duten estatuen ordenamendu konstituzionala bideratzen du; geure eskubideak suntsitzen dituen legeria sendotzen du; erdal kolonialismoaren baldintzak birsortzen ditu. Eta menpeko politikak bideratuz, ezinezkoa da euskararen erabilera soziala behar hainbat haztea, mendeetako asimilazioaren injustizia gainditzea eta hizkuntz gatazka konpontzea.

Unescoren adierazpenarekin batera, PPk eta PSOEk bi lehendakarigai aurkeztu dituzte EAEn, euskaraz ez dakitenak eta erdaraz bizi direnak. Euskararen Herriarekiko iseka hori gutxi balitz, euskara inposatzen dela adierazi dute. Baina espainierarentzat eskatzen dutena, euskarari ukatzen diote bere lurraldean; mendeetako indarkeria legitimatu, lege bihurtu eta inposatu digutenek, kalte-ordain historikoa ez ezik, euskara bere onera ekartzea ere ukatzen digutenek deitzen gaituzte zapaltzaile. Neurrigabekoa da bi alderdi horien «kultur fobia»; kaltetuetakoei diguten ezinikusia.

Euskararen arlo ezberdinetan espainierak eta frantsesak burutzen duten mailaz mailako kolonizazioa ez da horien kezkabide: euskararen funtzioak asimilatzea, euskal komunitatea berrosatzen galaraztea eta erabilera ere eragoztea; adibidez, osasungintzan, lan munduan, hezkuntzan, administrazioan, hedabideetan eta abar luze batean. Euskaldunak euren etxean arrotz izatea, euskara galtzeko arriskuan jartzea ez da horientzat kezka. Euskaldunen hizkuntz eskubideak ezin baitira gauzatu beren dimentsio kolektiboa aitortu gabe. Hizkuntzak errealitate kolektiboak baitira, eta herriaren nagusitasunaren baitan bakarrik dira erabilgarri herritarrentzat.

Horrenbestez, erdaldunek ez dituzte Euskararen Herrian hizkuntz eskubide mugagabeak, euskaldunok ez ditugun bezalaxe, beren hizkuntz komunitate ezberdinetan. Printzipio hori elkarrekikoa da, joan-etorrikoa. Eta hori ez da diskriminatzea, ez da inposatzea, lorpen demokratikoa baizik. Tokian tokiko hizkuntzen iraunkortasuna bermatu eta munduko hizkuntz aniztasunari eutsi ahal izateko modu bakarra da. Aplikatu beharreko oinarri juridiko unibertsala da. Pertsonen eta hizkuntz komunitateen arteko berdintasun printzipioa da. Inoren eskubideak urratzen ez dituena eta guztionak babesten dituena, dagozkigun lurraldeetan. Inposatzea, berriz, euskaldunok egun jasaten dugun elebitasun sozial aldebakarrekoa da.

Kontua da, dinamika berri bat sortzea euskaraz bizitzeko, erdal kolonialismoa eraisteko, euskararen nagusitasuna bermatzeko eta hizkuntz gatazka gainditzeko Euskal Herri osoan. Horrek elebitasun sozialaren mitoa desagertzea, kohesio soziala indartzea eta bizitza kalitatea hobetzea ekarri behar luke guztiontzat. Baina hori soilik bideratu ahal izango da egiazko eskubide sozialak, benetako konkista demokratikoak eta burujabetza nazionala baldin badaude. Euskal Herrian, autodeterminazio prozesurik gabe ez dago demokraziarik, ez hizkuntz normalkuntzarik. Kontua da, nahitaezko batasun akordioa egitea eta jauzi kualitatiboa antolatzea, epe ertainean eraso politikora jotzeko eta prozesua gidatzeko, euskaldun eleaniztunezko Euskal Herri euskalduna eraikitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo