GARA > Idatzia > > Euskal Herria

IAren ustez, Bolognak filologiez gain, beste hainbat ikasketa desagerraraziko ditu

Bolognako prozesuak hezkuntzaren «pribatizazioa, globalizazioa eta elitizazioa» ekarriko zuela esan izan du IAk urteetan. Orain Letren Fakultatean sortu berri den ika-mika, horren erakusgarri dela adierazi du.

p016_f01_148x092.jpg

GARA |

Bologna prozesua Euskal Herriko unibertsitateetan bete-betean eragiten hasi da dagoeneko. Joan den urtarrilaren 29an Lakuako Hezkuntza Sailak ikasketa planak Europako eremura egokitzeko dekretua atera eta EHUk eskaintzen dituen ikasketa batzuk, hainbat filologia, desagertzeko atakan jarri ditu. Bologna prozesua ezartzearekin batera hasi dira protestak beste behin ere unibertsitatean.

Urteak daramatza Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduak Bolognak ekarriko dituen kalteak salatzen, zortzi hain zuzen ere. Hala zehaztu zuten atzo IAko bozeramaile Unai Txurruka eta Ainhoa Mendibilek EHUko Gasteizko campuseko Letren Fakultatean egindako agerraldian. Tontxu Camposek hartutako erabakia kritikatu zuten, baita Iñaki Gorizelaia, EHUko errektoreak, dekretuari emandako onespena ere. Larriena «horrek ekarriko duen guztia» dela ohartarazi eta Bologna «hezkuntzaren pribatizazioa, globalizazioa eta elitizazioaren hasiera» baino ez dela adierazi zuten.

Ikasle mugimenduaren aburuz, filologiak ez dira desagertuko diren ikasketa bakarrak eta horien desagertzea «desastrearen lehen sintoma» besterik ez dela esan zuten.

Denboran atzera egin eta 2001. urtean ikasle mugimendua Bologna prozesuaren nondik norakoez informatzen hasi zela ekarri zuten gogora. Eta letretako eta giza zientzietako karrerak kinka larrian egongo zirela ondorioztatu eta salatu zuten. «Erotzat jo gintuzten orduan, eta erokeriatzat hartzen zirenak betetzen joan dira apurka», azaldu zuten.

Urte luze hauetan, ikasleriari informaziorik eman ez izana gaitzetsi eta errektore, dekano eta irakasle gehienek «goitik etorritakoa» aplikatu besterik ez dutela egin salatu zuten. Orain Letretako Fakultateko dekanoak dimisioa aurkezteko saialdiarekin sortutako alarmaren aurrean, ikasleak urteetan «alarma gorria jo eta jo» aritu direla nabarmendu zuten.

Bolognaren ezarpenaren aurrean, IAk, duela 8 urte zuen iritzi berari eutsiz, ez du Bologna prozesua unibertsitatea aldatzeko modu egokitzat jotzen. Bestelako unibertsitate eredu baten alde egiten du ikasle mugimenduak, demokratikoa, euskalduna eta parte-hartzailea, baina hori eraikitzeko bidean Bologna «beste oztopo» dat dela dio. Hala, ez dutela etsiko eta Bolognaren inposaketari aurre egingo diotela adierazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo