GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Jokin Aperribay

«Macuak ez zuen gure jokalaririk fitxatzeko asmorik»

Futbol arloko enpresen kudeaketari buruz eta «bi aldeentzat interesekoak diren gaiei buruz» mintzatu zirela argitu du presidenteak.

p033_f01_148x116.jpg

GARA | ZARAUTZ

Aspaldidanik jakina da Realaren eta Athleticen artean, kirol arloari begira, tentsio handia eta lehia zintzoa dagoela. Baina Iban Zubiaurre jokalariaren kasua zela-eta, bi taldeen arteko harremana nolabait apurtu egin zen. Orain, gainera, beste eztabaida bat sortu da Garcia Macua Athleticeko presidentea bera tartean dela.

Bilbotarren ordezkariak Realaren eta Sevilla Atleticoren arteko lehia ikusten egon zen igandean Anoetako palkoan. Egunotan asko hitz egin da horren gainean, toki askotan aipatu baita Garcia Macuaren asmoa gipuzkoarren zenbait jokalari fitxatzea dela, eta horiek adosteko egon zela Anoetan. Izan ere, Diaz de Zerio eta Castillo, besteak beste, Athleticera joango diren beldurra dago Donostian.

Jokin Aperribay Realeko presidenteak ezeztatu egin zuen atzo Zarautzen, bilbotarraren asmoak horiek zirena, eta futbol arloko enpresen kudeaketari buruz eta «bi aldeentzat interesekoak diren gaiei buruz» mintzatu zirela azpimarratu zuen.

Realeko presidenteak Zubiaurre kasuari buruz ere hitz egin zuen atzo. Jokalaria fitxatzeagatik donostiarrei ordaindu behar dieten milioi bat euroko zenbatekoaren gaineko auzibidea amaitu gabe dago oraindik. Aperribayk azaldu zuenez, taldeari ordaindu beharreko dirua «oraindik ez da iritsi», zigor-epaia ez baita irmoa. Gainera, bilbotarrek ordaindu beharreko zenbateko osoa ez da zuzenean Realarentzat izango -finantza erakunde bat dago tartean-.

Kirolaz bestelako gaiekin jarraituz, enpresari gipuzkoarrak Iñaki Badiola Realeko presidente ohiari Raul Navas Cordobako jokalariak ipinitako kereilari buruz ere hitz egin zuen. Tenerifeko atezain ohiak Bigarren Mailako zenbait partiden «erosketan» parte hartu zuela adierazi zuen Badiolak. Gauzak horrela, aste honetan Reala atezainarekin adiskidetuko dela adierazi zuen Aperribayk.

Hala ere, erosketa gaiekin jarraituz, Realeko presidentearen ustez, lehentasuna «Jesuli kasuari» eman beharko litzaioke.

Enpresari gipuzkoarrak Realaren diruzaintzari buruzko azalpenak ere eman zituen. Erakundeen aurrean bideragarritasun plan bat aurkeztea lehentasuna dela nabarmendu zuen, eta horren arabera, Foru Aldundia eta gainerako hartzekodunak erakundeari bere onera etortzen laguntzeko «ulerkorrak» izango direla adierazi zuen uste osoz.

Kirol arloa

Bulegoko gai hauez gain, kirol arloari buruz ere hitz egin zuen atzokoan Jokin Aperribayk. Realeko presidenteak bete-betean uste du taldea mailaz igoko dela: «Igandero lehiatzeko eta irabaztera joateko hausnarketa egin behar dugu. Hori egiten badugu eta partida bakoitzari garrantzia ematen badiogu, lor dezakegu». Helburua lortzea ez da gauza erraza izango, Aperribayk adierazi zuenez, «gutxi gorabehera hamar partida irabazi behar baitira». Baina jokalariak horretarako «konbentzituta, gogo askorekin eta ardurarekin» ikusten ditu berak.

Marcos donostiarren erdilariak hurrengo neurketaren garrantzia azpimarratu zuen. Hiru puntuek «amesten jarraitzeko» balioko luketela eta Xerezen aurka «irabaztera aterako direla» adierazi zuen. Castilloren hitzetan, aldiz, «Chapin bezalako zelai batean lortzen da igoera».

Bestalde, Lehiaketa Batzordeak Xabi Prietori txartel horia ez duela atzera botako jakinarazi zuen atzo. Realak Apelazio Batzordearen aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi zuen.

Urola-Kostak badu dagoeneko Realaren Mendeurreneko Ikurrina

Zarautzeko Asti futbol zelaian egin zuten atzoko entrenamendua zuri-urdinek, «Gipuzkoa Mendeurrenean» ekimenaren barruan. Jokin Aperribay Realeko presidenteak Mendeurreneko Ikurrina eman zien Zarauzko, Orioko, Getariako, Zumaiako eta Aiako alkateei. Halaber, Zarauzko Dani Estrada eta Enbata Laguntaldeek ere jaso zuten bandera.GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo