GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Iñaki de Juanaren kontrako estradizio prozesua

«Aurrera bolie» esatea delitua izan daitekeela dio Belfasteko Auzitegiak

p005_f01_148x212.jpg

Manex ALTUNA | BILBO

Iñaki de Juana Chaos euskal preso politiko ohia Estatu espainolera bidaltzeko «lege oinarririk» badagoela erabaki zuen atzo Thomas Burgess Belfasteko Auzitegiko epaileak.

Irlandako iparraldeko epaileak bere egin zituen Auzitegi Nazional espainolak igorritako azalpenak, eta horren arabera ebatzi zuen De Juanari, egozten dizkioten hitz horiek direla-eta, «terrorismoa goratzea» leporatu ahal izango zitzaiola Britainia Handian.

Argudiatu zuenez, «aurrera bolie» esaldia erabiltzea testuinguruaren arabera delitua izan daitekeela argitu zion Justizia espainolak.

Berez, Burgess epaileak zalantzak agertu zituen preso ohi donostiarraren kontrako estradizio prozesua hasi zenean, joan den azaroaren 17an. De Juana bere kabuz aurkeztu zen egun hartan Laganside Auzitegian, eta Eloy Velasco epaile espainiarrak igorritako atxilotze agindua gaizki idatzita zegoela adierazi zuen Burgessek kasua bere gain hartu bezain laster.

Errepresaliatu ohiari leporatzen zioten delitua Britainia Handiko legedian zein den argitzeko eskatu zuen epaileak eta, era berean, jakinarazi zuen atxilotzeko agindu bat betetzeko, kartzela zigorrak gutxienez hiru urtekoa izan behar duela eta ez bikoa, honakoan gertatzen den eran. Velasco epaileak «aurrera bolie» esanda «terrorismoa goratzea» leporatu zion De Juanari, kartzelatik irten zen egunean Donostian egin zitzaion omenaldian, bere izenean irakurri zuten gutun batean oinarrituta.

ETArekin lotura

Abenduaren 12an De Juana berriro aurkeztu zen epailearen aurrean, eta Burgessek informazio gehiago behar zuela ondorioztatu zuen. Azalpen gehigarriak eskatu zizkion, beraz, Velasco epaileari eta honek Guardia Zibilaren txostenak igorri zizkion, «aurrera bolie» esaerari dagozkion azalpenekin, eta Burgessek onartu egin ditu.

Aurreko agerraldietan egin bezala, De Juanaren abokatu Edward Fitzgeraldek gezurtatu egin zuen esamolde hori erabiltzeak borroka armatuaren aldeko esanahia duenik, baina horren aurrean, ETAri atzemandako hainbat agiritan erabiltzen dela argudiatu zuen epaileak.

Zehazki, euskal preso politikoek beren gutunetan erabiltzen duten esapidea dela esan zuen.

Esaldia ulertzeko hizkuntzalari adituen laguntza ere izan duela azaldu zuen Burgessek eta horrez gain, De Juanaren iragana kontuan izan behar dela, ETArekin izan duen loturagatik.

Ebazpenaren kontrako helegitea aurkeztuko duela iragarri zuen preso ohiaren abokatuak. Zortzi asteko epea eskatu zion helegitea prestatzeko, baina hiru aste bakarrik eman dizkio epaileak. Beraz, martxoaren 31 bitartean, Burgessek emandako epaiaren kontra helegitea aurkeztu dezakete bi aldeek.

De Juanaren defentsak argudiatuko du preso ohiaren «oinarrizko eskubideak urratu» egin direla orain arteko prozesuan, beren iritziz, De Juanaren inguruabarretan oinarritzen baita akusazioa.

Iritzi politikoak adierazteko aukera eta giza eskubideak errespetatzeko eskatuko duela jakinarazi zuen defentsak. Burgessek, bestalde, adierazi zuen maiatzaren 14 edo 15ean jakinaraziko duela Belfasteko Auzitegiaren ebazpena. Nolanahi ere, hori ez da azken erabakia izango, prozesua hainbat hilabetez luza daiteke-eta.

Izan ere, bi aldeek Belfasteko Apelazio Auzitegira jotzeko aukera izango dute, eta gero Londresko Lorden Ganberara ere jo dezakete. Hori da Britainia Handiko organo judizial gorena. Estradizio prozesuaren epeak asko luza daitezke Britainia Handian, Augusto Pinochet diktadore txiletarraren kasuak, esaterako, bi urte iraun zuen.

Baldintzapean jarraituko du

Joan den azaroan Belfasteko Auzitegian aurkeztu zenetik, baldintzapeko askatasuna ezarri diote De Juanari, eta baldintza horietan jarraitu beharko du.

Bere garaian 5.900 euroko bermea ezarri zion epaileak, baita nortasun agiria atxiki ere, eta astean behin polizia-etxean aurkeztera behartu zuen, eta gauez etxean egoteko beharra jarri zion. Atzoko ebazpenaren ondoren, Fiskaltzak De Juana kartzelatzeko eskatu zion epaileari, ihes egiteko arriskua handitu egin delakoan, Irlandarekin loturarik ez duela-eta.

Errepresaliatu ohiaren defentsak, berriz, gezurtatu egin zituen adierazpen horiek, De Juana «estradizioaren aurka borro- katzen jarraitzeko prest» dagoela esanez, eta «bere egoera legez konpondu ez dadin inolako ezkutuko helbururik» ez daukala nabarmenduz.

Estradizio prozesuaren hasieratik ohikoa izan den bezala hainbat komunikabide espainiarrek zuzenean jarraitu zu-ten atzoko ebazpena, eta haserre agertu ziren Burgessen epaian «Espainiako Errepublika» esaten delako. Bestalde, PP eta PSOE alderdietako ordezkariak pozik agertu ziren Iñaki de Juana Estatu espainolera bidaltzeko aukera dela-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo