GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

IPAR ESKIA Eslovenia

«Po Planotah Slovenije» Ipar eskia Eslovenia zeharkatuz

Erdialdeko Europako herrialdeko zeharkaldiaren bigarren edizioa egin da aurten, otsailaren 15etik 22ra. Bost herrialdetako 58 eskiatzailek hartu dute parte; tartean, zortzi euskal eskiatzailek. Guztira, 330 kilometro eta zazpi etapa bete behar izan dituzte.

p042_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA |

Duela urte gutxi batzuk, sona handiko iraupen eskiko zeharkaldi erakargarri bat ekarri genizuen orrialde hauetara. Gure ingurumaritik salto handia egiten zuen proposamenak. Izan ere, Euskal Herriko zein Pirinioetako «jolaslekuak» alde batera utzi, ehunka eta ehunka kilometroko tartea egin, eta, lurralde artikoetara, haren mugetara hain zuzen ere, abiatu ginen.

Rajalta Rajalle Hiihto (Border to Border edo Mugatik Mugara) zeharkaldiari buruz aritu ginen. Zazpi egun, besteak bete, suomiarren lurraldeak zeharkatzen. Bada, ipar eskiko ekimen horretan parte hartu zuten hainbat lagun beste xede batekin hurbildu zaizkigu orain.

Oraingo honetan, Po Planotah Slovenije zeharkaldian izaniko eskarmentuaren berri eman digute. Mugatik Mugaren eskaintza bera, baina Eslovenian. Zalantzarik gabe, herrialde txiki eta menditsu hau zazpi etapetan zeharkatzeko aukera bikaina. Hitz batean, Artikoko zeharkaldiaren «anaia-arreba txikia» da Erdialdeko Europako herrialdekoa.

Aurreratu dugun legez, euskal eskiatzaile talde bat Esloveniako zeharkaldia orrialde hauetara ekartzeko prest agertu da. Guztira 64 eskiatzailek hartu zuten parte ekimenaren bigarren edizio honetan. 64 lagun, honako bost herrialde hauetakoak: Austria, Finlandia, Alemania, Txekia, Eslovenia eta Euskal Herria. Gure ordezkariak zortzi izan ziren: Eugenio, Alberto eta Antxon Gorrotxategi anaiak, Enrique Aguado, Xabier Gorostidi, Jabier Larrañaga, Xabier Irizar eta Iñigo Oiarzabal.

Azken biak, Irizar eta Oiarzabal, GARArekin izan dira. Azaldu digutenez, Mugatik Mugara zeharkaldian izaniko eskarmentuak bultzatu zituen Esloveniakoa egitera: «Mugatik Mugara zeharkaldia egin ostean, oso pozik geunden han bizi izan genuenarekin, eta antzeko beste bat egin behar genuela erabaki genuen. Zeharkaldi hartan bertan Esloveniakoaren berri eman ziguten, eta, jakina, dei batzuk tarteko, martxan jarri ginen».

Bigarren edizioa zuen Esloveniako zeharkaldiak eta, aurten, otsailaren 15etik 22ra egin da. Ñabardurak ñabardura, Mugatik Mugararen ezaugarri ia berberak ditu. Guztira, zazpi etapa eta 330 kilometro egin dituzte eskiatzaileek.

Zeharkaldi menditsua

Irizarrek eta Oiarzabalek datu gehiago eman dizkigute: «Mugatik mugaran bezala, den-dena antolatuta dago; kopia bat besterik ez da. Jakina, ez dago inolako lehiaketarik. Orokorrean, taldeka ateratzen ginen, baina, berotu ondoren, norbera bere kasa joaten zen: bakarrik, binaka, taldeka... Erritmoa norberak jartzen du; ederrena hango alderdi ederrez gozatzea zen. Jakina, pike bat baino gehiago izan zen, baina, hori bai, lagunartean. Beti izaten da zirikatzaileren bat, baina, betiere, umore onez. Oro har, giro bikaina izan zen, eta gure taldean, euskaldunen artean, giroa zoragarria izan zen. Gainera, parte-hartzaile gehienak ez ginen gazteak; helduak nagusi ginen. Adinekoak ere baziren tartean, 70 urtetik gorakoak. Hori bai, nola eskiatzen zuten!».

Arestian aipatu bezala, duela urte batzuk Artikoan egin zuten zeharkaldiarekin alderatuta, hainbat berezitasun aurkitu dituzte Eslovenian: «Harrigarria da Euskal Herriaren tamaina bereko herrialdea izanik kristoren aukera izatea iraupen eskiko zeharkaldi bat egiteko. Oro har, oso zeharkaldi alpinoa da, Eslovenia oso menditsua baita. Aldapa ikaragarriak igo zein jaitsi behar izan ditugu; une batzuetan eskiak kendu genituen. Hainbat eski-estaziotan eta haien ingurumarietan eskiatu dugu. Estazio horiek lotu behar izan ditugu, eta, beraz, batez ere basoetatik ibili gara. Batzuetan ski-cross egiten ari ginela zirudien. Alderdi batzuetan urratsa zapaldua zegoen; beste batzuetan, aldiz, ez. Beste berezitasun bat lekualdaketak izan dira. Etapa bat bukatu, autobusa hartu eta herrialdeko beste alderdi batera eramaten gintuzten. Frantziako Tourraren estilokoa da. Orain badakigu zer den txirrindulariek bizi behar dutena...».

Etapa bakoitzak ia 50 kilometro izan ditu bataz beste. Oso gustura jardun dutela baieztatu digute Irizar eta Oiarzabalek: «Gogorra da, baina, haatik, gozatu egin dugu. Hasierako etapetan hotza eta haizea izan genituen. Batzuk Mugatik Mugara zeharkaldian baino hotz gehiago pasa dugula diogu, batez ere aldapak jaisten. 600 euroren truke ipar eskiko proposamen arras erakargarria egin dugu. Esloveniak merezi du».

ZAZPI ETAPA

Esloveniako iraupen eskiko zeharkaldian bost herrialdetako 58 eskiatzailek hartu dute parte; tartean, zortzi euskal eskiatzailek. Guztira, zazpi etapa eta 330 kilometro bete behar izan dituzte.

Zazpi etapa, zazpi alderdi

Pohorje (50 km). «Lehen etapa hau Esloveniako ipar-mendebaldean egin genuen. Ia urratsik ez zuten egin, eta nahiko alpinoa izan zela aitortu behar dugu. Eski-estazioak lotzen jardun genuen. Igoeretan ondo moldatu ginen, baina jaitsierek nahiko buruhauste ekarri zizkiguten. Horretaz gain, basoak zeharkatu genituen, eta hainbat unetan eskiak kendu behar izan genituen. Oro har, eski-estazio batetik beste batera joan ginen. Etapa luzea izan zen, eta justu samar iritsi ginen; besteak beste, anoa-postu batzuekin arazoak izan genituelako. Lehen etapa izanik, gainera, nahiko azkar irten ginen, eta horrek ez zigun mesederik egin; eskerrak martxa baretu genuela! Lau ordutik gorako eguna izan zen».

Golte (42 km). «Teleaulki batean eski-estazio batera igo gintuzten. 900 metroko garaieran ginen. Soilik bi anoa-postu genituen: lehena hasieran eta azkena amaieran. Bapo jarri ginen; beste erremediorik ez geneukan! Nahiz etapa lasaia izan, aldats tenteak jaitsi behar izan genituen. Hitz batean esanda, oso alderdi menditsua zen; ia-ia ez zuen tarte laurik. Ibilbide eta inguru politak ziren, eta ondo amaitu genuen. Hori bai, hainbat aldaketa medio, ez genuen iragarritako ibilbide zirkularra egin».

Velika Planina (30 km). «Etapa hau Esloveniako ipar aldean egin genuen. Berriro ere eski-estazio batera eraman gintuzten. Eta han, plateau handi batean, 30 kilometroko saioa egin genuen. Egun honetan ez zen aldaketarik egin, eta iragarritako ibilbide zirkularra egin genuen. Oso polita iruditu zitzaigun; alderdi eder asko ikusteko parada eman zigun».

Sneznik (56 km). «Ipar aldetik hego aldera jo genuen. Hain justu, Kroaziarekin muga egiten duen alderdi batera abiatu ginen. Bitxia izan zen oso etapa hau. Izan ere, Granadako Sierra Nevada moduko mendi bat inguratu behar izan genuen. Mendi hori, Mendi Zuria izenekoa, erdi-erdian zegoen, eta itzuli erakargarria burutu genuen. Azken etapetan bezala, honetan ere oso urrats ederrarekin eskiatu genuen».

Trnovski Gozd (51 km). «Etapa honetan aldaketa batzuk izan ziren. Aurretik aipatutako egunetako batzuetan alpinoko eski-estazioen ingurumarian izan ginen; bosgarren honetan, berriz, iraupen luzeko estazio batean. Antolatzaileek estazioan utzi eta nahi genuena egin genezakeela esan ziguten. Etapa 50 kilometrotik gorakoa izango zenez, prestatutako bi ibilbidetan (8 eta 10 kilometrotakoak) nahi adina kilometro egiteko aukera izan genuen. Horretaz gain, anoa-postu ugari antolatu zituzten. Aipatutako ibilbideetan itzuliak egiten jardun genuen. Beste etapekin alderatuta, azken hau oso ezberdina izan zen. Hori bai, alderdi izugarri ederra da».

Jelovica (48 km). «Etapa honetan Esloveniako mendirik ezagunena, Triglav, ikusten zen. Herrialdearen mendebaldean geunden. Asko gustatu zitzaigun ibilbidea. Hasiera eski-estazio batean genuen. Eta haren erdian anoa-postua (jatetxe bat) zegoen. Batzuk, jakina, teleaulkia hartu zuten jatetxera heltzeko. Hango jaitsieran komeriak pasa genituen, elurra gogorra baitzegoen. Ondoren, bailara batera jaitsi eta laku turistiko batera heldu ginen. Alpe Juliatarren ingurumarian ginen».

Pokljuka (53 km). «Zazpigarren eguna genuen, eta zenbaitzuk nekatuta geundela aitortu behar dugu. Ipar-mendebaldean ginen, eta oso etapa lasaia eta ederra izan zen. Amaiera bikaina eman genion».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo