GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Gazteen aukera bakarra independentzia dela defendatu dute ehunka lagunek Olaztin

p011_f02.jpg

GARA |

Ehunka gaztek parte hartu zuten larunbatean Euskal Herriko bihotzean, Sakanan, egindako Gazte Nafarrock jaialdian. Guardia Zibilak jarritako kontrol andanak ezin izan zuten gazte independentistek osatutako olatu gorria ekidin; hala, Olaztin, gazteen aukera bakarra «independentziaz bizi eta independentzia bizitzea da» aldarrikatu zuten lau haizeetara.

Manifestaldiarekin abiatu zuten ekimena Olaztin batutako mila lagun inguruek. Joaldunek ireki zuten «Nafarroa ez dago salgai! lotu independentziara» leloa zuen martxa. Kaleetan barna hamaika ekimen egin zituzten, hala nola proiektu txikitzaileen aurkako murala edota banketxeen kontrako ekimena.

Presente izan ziren abuztutik gaur arte Nafarroa astindu duten lau polizia operazioetan gatibu hartutako gazteak, eta espetxeetako ziegetatik animo mezuak iritsi ziren Olaztira.

Bertsolari eta dultzaineroek ez zuten hutsik egin eta, Nafarroako Gorteen ereserkiaren doinuaz lagunduta, gazteek Nafarroa eraikiz egiten duten lana irudikatu zuten dantzariek taula gainean.

Larunbateko hitzorduarekin gazte independentisten lana bukatzen ez dela gogoratu eta datorren apirilaren 10etik 12ra, Amaiur eta Donibane Garazi batuko dituen Gazte Martxan parte hartzeko deia egin zuten Olaztitik.

Ez zeudenak gogoan

Ekitaldiko azken hitza gazte independentisten eledun Ainara Bakedanok hartu zuen, berak ere gogoan izan zituen Olaztira bertaratzeko aukerarik izan ez zuten gazteak eta haiei eskaini zien lehen «besarkada beroa». Azken urtea gogorra izan dela onartu zuen Bakedanok eta 20 gaztetik gora atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta espetxeratu dituztela ekarri zuen gogora.

Hala eta guztiz ere, gazteria independentista indartsu egotea Estatu espainol eta frantsesaren «porrot handiena» dela defendatu zuen nafarrak; «Euskal Herria suntsitzeko estrategien porrota», gehitu zuen. Nafarroa salgai ez dagoela defendatu eta iruzur eta negozioen aurrean dagoen «alternatiba bakarra» independentzia dela sostengatu zuen.

Gauean jai giroa nagusitu zen gazte independentistek antolatutako kontzertuak zirela-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo