GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

HARRI-JASOTZEA Errekor ahalegina

Magunazelaiak marka guztiak apurtuz eta denak aho zabalik utziz jarraitzen du

p038_f02_111x111.jpg

J.L. | DONOSTIA

Urdax Magunazelaiak marka guztiak apurtzen jarraitzen du, eta atzo Asteasun 105 kiloko harria jaso zuen, eta oraindik 11 urte besterik ez ditu! Garbi utzi zuen etorkizun oso oparoa duela, eta ezeren okerrik ez duela, berari buruz askotan hitz egin beharko dela.

Berotze ariketak egin ostean heldu zion 105 kiloko harriari. Gerrira ekarri, han buelta eman, eta kolpe batean berdindu zuen, zaleen txalo artean. Indar askoko mutila da, baina trebezia ere handia dauka.

Orain dela hilabete bat pasa jaso zuen 100 kilokoa, eta atzo bost kilo gehiago jasotzeko ere ez zuen arazorik izan. Jendeak hori eskertzen jakin zuen, denen iritzian harri-jasotzaile handi baten atarian egon gaitezke-eta. Izan ere, atzokoan beste erakustaldi bat eman zuen. Indarra soberan dauka, baina plazan ez da hori nahikoa izaten. Asko izan dira etxean egindako lana plazan egiteko gai izan ez direnak, baina Urdax plazara joandakoan hazi egiten da, eta atzo ere gauza bera egin zuen. Marka handia lortu zuen, baina ez da azkena izango, etorkizunean ere mordo bat egin ahal izango baititu.

Amaieran pozez gainezka zegoen, baina ez bera bakarrik, baita Zelai bere entrenatzaile eta maisua ere. Mallabiko harri-jasotzaile ohiak, zera esan zuen amaieran: «Oso ondo aritu da. Etxean ikusita banuen zalantza apur bat, baina plazan oso erraz egin du dena». Harria kolpe bakarrean berdintzeari buruz ere aritu zen. «Etxean ere normalean horrela egiten du, eta gaur ere bai. Istant batean jasotzen du, ahalmen handiko mutila da», aitortu zuen.

Aizkolariak

Aizkolariak ere baziren atzo Asteasun, eta lan bikaina egin zuten Arrospidek eta Mendizabalek. 2 metro eta 70 zentimetro bueltan zituen enborra bota behar izan zuten. Lan erdiak 10 minutu eta 5 segundotan burutu zituzten, eta lan osoa, berriz, 19 minutu eta segundo batean amaitu zuten, zaleen txalo artean. Izan ere, Asteasuko pilotalekuko harmailek itxura bikaina izan zuten atzokoan, nahiz eta arratsaldean beste hainbat ekitaldi erakargarri ere izan. Garbi dago herri kirolak jarraitzaile asko dituela oraindik ere. Ikusle bakoitzak seina euro ordaindu behar izan zituen sarreraren trukean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo