GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Markel Azkargorta Kanto euskal preso politikoaren semea

Ilargiraino eta bueltan...

Orain dela egun batzuk, harriduraz hartu nuen berria. Fiskaltzak Arrasaten Sebero ondoan jarrita zeuden euskal preso politikoen argazkiak kentzeko agindua eman zuen.

Ez zen denbora asko pasatu txapelgorriek arrasatearrek beren herrikideak gogoratzeko aukeratutako txokora amorruz sartu eta argazkiak hausten hasi arte, tartean nire aitarena.

Patxik (kasualitatea izango da izenarena) «lotsaren horma» deitu zion txoko horri, eta argi adierazi zuen horrelakoekin amaitu beharra zegoela. Ahaztu zaio Estatu espainoleko eta frantseseko lotsaren hormetan daudela bahiturik gure senideak eta berak eta bere tamainako politikariek diseinatutako horma, plan eta lotsagabekeriek eragin dutela herritarrek «duintasunaren hormak» eraikitzea euskal preso politikoen argazkiekin.

Ahaztu zaiola esan dut (agian ez du nahi ikusi), baina guk ez ditugu ahazten eta gogoratu nahi ditugu, guztiak gurekin izan arte. Eta jakin badakit zuek, Patxiak eta Franciscoek kristorenak eta bi egingo dituzuela beraiek birrintzeko. Hala ere, badakit herriak jakingo duela lagun horien oroimena herrian presente izaten, azaltzen zertarako eta zergatik zeuden argazki horiek hor.

Bestalde, aurretik ere saiatu zarete Arrasaten bertan euskal preso politikoen aldeko beste ekimen bat desitxuratu eta zapuzten. Nor ari da beldurra sortzen herrian? Herritar batzuen eskubideen alde sinadurak batzen ari den lan talde bat, edo beraien pentsaerarekin bat ez datozenak atxilotu, torturatu, kartzelatu eta herritarren oroimenetik ezabatu nahi dituena?

Honekin jendea euskal preso politikoei babesa ematen jarraitzera animatu nahi dut, eta gaixo dauden presoen askatasunaren alde eta bizi osoko zigorraren eta dispertsioaren aurka sinatzera.

Nik, zain egon barik, egingo dut.

Zergatik? Bat, nire aita delako, bere askatasunagatik, Jon Agirreren askatasunagatik, Aittor, Jabi, Gaztelu... eta beste hainbeste gure artean nahi ditudalako. Silveirak Nafarroako Bertso finalean bota zuen moduan, «maite zaituztedalako pilapilapila eta maite zaituztegulako ilargiraino eta buelta».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo